Duela bost urte Katalunian 480 kilometroko giza katea egin zenean, Gabriel Rufian artean ez zen ERCko diputatua Espainiako Kongresuan. Herritar soil gisa hartu zuen parte. Milioi eta erdi lagun baino gehiago bildu ziren alderik alde, eta ordukoa oso gogoan daukala esan dio Rufianek Paulo Muñoari Donostian, giza katea hasi baino pixka bat lehenago udaletxeko atarian elkartu direnean. Muñoa zen hasiera ematekoa mobilizazioari, 12:00etan, eta Rufianek nabarmendu dio ona dela halako ekinbideak egitea, “baina segitu, segitu egin behar da”. Muñoak badaki zer den segitzea eta segitzea, ikastolen mugimenduko aitzindarietako bat baita, eta Gure Esku Dago herri dinamikan urteak baitaramatza lan zail batean: diruzaintzan. "Esan ez, egin egin behar da", adierazi du asteon Gipuzkoako Hitza-n.
Orain dela pare bat aste egin zioten giza katea irekitzeko gonbita, eta “ezin ezezkoa eman”, esan du Muñoak. “Arduratuta” egon da azkeneko unera arte, baina “gustura”. “Isilean lanean aritzen garenok azaleratu egiten gara noizbait, eta niri egokitu zait zorte hau”.
Sirena batekin eman diote hasiera mobilizazioari, eta Herritarron Itunaren dokumentua altxatu du Muñoak. Eskuz esku hasi dira pasatzen, Kontxa aldera. Giza kateko kide batek zabaldu egin du, bistadizo txiki bat emateko; ez da horretarako garaia. Jende asko dago, eskutik helduta. “Gizarte kohesionatu bat lortzeko gauza gara”, Muñoaren arabera, eta “oso aberatsa” iruditu zaio Donostian ikusi duena: EAJko jendea, ezker abertzalekoa, Ahal Dugu-koak, PSE-EEkoak… “Bidea ikusten da lana egiteko”. Bide hori egin dezakete euskal herritarrek eta katalanek batera, elkarrekin, Rufianek iritzi dionez. “Bidean elkartu beharra dugu, koordinatzeko”. Kataluniako estelada batzuk baziren Donostiako hirigunean.
PP Espainiako Gobernutik kanpo utzi duten arren, ERCkoarentzat ez da ezeren bermea; hala esan dio Muñoari, giza katea hasi aurretik. “Ez dugu [Madrildik] gauza handirik espero. Gainera, [Josep] Borrell eta [Fernando] Grande Marlaskaren moduko jende erreakzionarioa jarri dute ministro”. Jende ugarik atera du argazkia Rufianekin. Ez da geldirik egon: lehenik hasiera puntuan, gero Kontxa aldera joan da… Eta Parte Zaharrean bukatu du giza katearen ondoren, jendearekin lepotik helduta kantuan. Pozik dago: "Gaurkoak inflexio puntua izan behar du; egun ederra da Euskal Herriarentzat".
Pentsiodunak, sistema propio baten eskean
Donostiako udaletxe aurrean izan dira, halaber, Gipuzkoako pentsiodunen elkarteko ordezkari batzuk, 1.080 euro gutxieneko pentsioa. Hemen bizi eta hemen erabaki. Duintasuna pankartarekin. “Hego Euskal Herriko pentsio sistema propio bat” eskatu du Maria Serrano eledunak. “Ez gaude paradisu batean. Pentsiodun asko daude arazo handiekin, eta guztiak defenditu nahi ditugu. Alor honetan ere erabakitzeko gaitasuna izan behar dugu”.
Eguzki Urteaga EHUko Soziologia irakasle eta Ipar Euskal Herriko Eusko Ikaskuntzako presidentea ere han inguruan izan da, familiarekin. “Plazer bat izan da Gure Esku Dago-k antolatutako giza katean parte hartzea Donostian. Aldarrikapen legitimoa, eskaera argia eta giro paregabea”, idatzi du txio batean.
Antigua auzoan hartu du parte Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Joseba Egibar EAJren GBBko presidentearekin-eta. Goizean Zumaian (Gipuzkoa) egon da Olano, Oikian, Eskola Txikien egunaren hasiera ekitaldian, eta handik joan da giza katera. Berriro azaldu da erabakitzeko eskubidearen alde. “Egun ederra gaurkoa! Inoiz baino gehiago da beharrezkoa herriak entzutea eta haien erabakiak errespetatzea. Milaka euskal herritarrok elkarri eskua eman eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dugu, gure etorkizunaren jabe izan nahi dugulako”.
Eneko Goia Donostiako alkatea Kontxako pasealekuan izan da giza katean parte hartzen, eta “pozik” agertu da. “Modu zibiko batean egin da aldarrikapen demokratikoa. Hau da bidea”. Egibarrek adierazi du elkarlanaren ondorioz uste baino gauza gehiago lor daitezkeela.
"Demokrazian sakondu"
Orobat, Donostian izan da Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia. “Erabakitzeko eskubidea demokrazian sakontzea delako hartu dugu parte. Langile edo emakume bezala, ezinbestekoa da erabakitzeko eskubidean aurrera egitea”. Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia Antiguako tuneletik gertu egon da.
Bukaera ere sirena hotsarekin eman diote Donostian, 12:30ean. Kontent azaldu da Beñat Sarasola Gure Esku Dago-ko kidea, “oso ondo” atera baita guztia. “Irudipen politarekin amaitu dugu”. Jende askok egin du Parte Zahar aldera, freskurara. San Telmoko plazan bazkari bat izan da, eta, ondotik, musika Alderdi Ederren.
Azaroan, herri galdeketa Donostian
Hau ez da bukatu, ordea. Kasurako, datorren azaroaren 18an Donostian herri galdeketa egingo dute; euskal hiriburu bateko aurrena. 203 udalerritan izan dira orain arte; 190.000 euskal herritarrek eman dute botoa.