Ertzaintza berriro sartu da Gasteizko Talka espazio feministan gaur goizean, eta bi pertsona eraman ditu atxilotuta. 08:00etan hasi da polizia operazioa. Aurretik, eraikuntzan erabiltzen den furgoneta bat joan da okupatutako eraikinaren atea ixteko asmoz, baina, barruan bi pertsona zeudenez, ezin izan dute itxi, eta Ertzaintzari deitu diote. Lekukoek azaldu dutenez, ertzain asko joan da orduan. Eraikinaren barruan zeudenek epailearen agindua eskatu diote Ertzaintzari, Talkaren arabera hori gabe ezin dutelako eraikina hustu. Ertzaintzak ez zuen epailearen agindurik, baina, hala ere, atean zegoen giltzarrapoa hautsi, eraikina hustu, eta bi pertsona horiek atxilotu ditu; usurpazio delitua eta desobedientzia larria leporatuta eraman dituzte, okupatutako espazioko kide batek BERRIAri jakinarazi dionez. Lakuako ertzain etxera eraman dituzte atxilotuak. Eraikuntza enpresako langileek atea ixteari ekin diote.
ð;ÂÂÂÂ;ŸÂ”´ @TalkaGasteiz-ko lehenengo kideak atxilotzen hasi da Ertzaintza. Oraindik ere kide batzuk daude barruan https://t.co/6CE2u1LgpMpic.twitter.com/2WNm25tnLj
— Arabako ALEA (@ArabakoALEA) May 15, 2020
Talkak salatu duenez, okupatutako eraikina Adolfo Dominguez enpresarena da. 2006. eta 2007. urteen artean erosi zion Gasteizko Udalari (Alfonso Alonso PPkoa zen orduan alkate), Alde Zaharreko beste hiru lokalekin batera, 79.000 euroren truke. Salerosketa hori ez zela Arabako buletin ofizialean argitaratu salatu du Talkak ohar batean. Gaur atea ixtera joan den eraikuntza furgonetak, ordea, ez zuen inongo identifikaziorik. Ohar horretan Talkak "behingoz auzoa saltzeari uzteko eta bizilagunak defendatzeko" eskatu dio Gorka Urtaran Gasteizko alkateari. Baita "espekulatzaileak defendatzeko" baliabide publikorik ez jartzeko ere. Halaber, lokalak Adolfo Dominguezen eskuetan nola amaitu zuen argitzeko ere eskatu diote.
Protesta gisara eta udala interpelatzeko, gaur 21:00etan Plaza Berrian elkartu dira dozenaka lagun, Talkak deituta. Segurtasun neurriak mantenduta egin dute, "baina uko egin gabe auto-defentsa kolektiboari".
👿 TALKA-tik EZ DIRA PASAKO!
— Talka (@TalkaGasteiz) May 15, 2020
Kapitalismoari, talka, talka, talka! #auzodefentsafeministapic.twitter.com/VZ7H5HhMWF
"Identifikazioak eta mehatxuak"
Sare sozialen bidez, protesta egitera deitu ditu Talkak bizilagunak, bai etxetik eta bai Hedegile kalera "paseatuz" gerturatuz. Talkako kide batek BERRIAri jakinarazi dionez, ordea, kalea itxita egon da 10:00ak bitartean. Ertzaintzak, gainera, irudiak hartzen ari ziren bizilagunak identifikatu ditu, kasu batzuetan ezkaratzetan sartuz, eta, gero ohar batean azaldu duenez, bizilagun baten etxean ere sartu dira hura identifikatzeko. Mehatxatu ere egin dituzte bizilagunak, BERRIAk jakin duenez, irudirik har ez zezaten. Lanera zihoazen bizilagunak ere identifikatu dituzte. Han ziren kazetari batzuk ere bai.
Kaixo @ertzaintzaEJGV
— haizea nuñez 🔻 (@haizea_nunez) May 15, 2020
Zigor Kodean "usurpazio delitua"gatik aurreikusten den zigorra isun ekonomikoa da: 3-6 hilabeteko isuna, hain zuzen ere. (245.2 artikulua)
Ez da delitu horrengatik askatasun gabetzerik agintzen.
Atxiloketa hauek neurriz kanpokoak eta txapuza hutsak dira! https://t.co/YE1Dbb9Knd
Joan den astean sartu zen aurten lehen aldiz Ertzaintza Talkan. Orduan ere bi pertsona atxilotu zituzten, baina protesta egiteagatik izan zen; aske utzi zituzten gero. Orduko horretan ere goizean joan ziren eraikuntza enpresa bateko langileak atea ixtera, baina ez zuten lortu, barruan jendea zegoelako. Hiru pertsona identifikatu zituen Ertzaintzak eraikinaren barruan egoteagatik, eta mozal legea ezarri eta desobedientzia leporatu zieten. Atxiloketak arratsaldeko protestetan izan ziren.
Espazio horretako kideek salatu zutenez, alarma egoera baliatu nahi izan zuten poliziek Talka ixteko. Ez zen lehen aldia, gainera: abenduan ere saiatu ziren husten. Talka espazio feminista abenduan okupatu zuten, eta horko kideen salatu dute hilabete hauetan askotan identifikatu dituztela, baina oraingoz ez dagoela prozedura judizialik euren kontra; eraikinaren jabeak ez die salaketarik jarri.