Elkarretaratzea eginen dute bihar Urruñan, Anza aferan egia eskatzeko

Jon Anza ETAko militantea duela bost urte desagertu zen, eta hilik agertu; familiak ez daki zer gertatu zen

Aitor Renteria.
Baiona
2014ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Bihar, 20:00etan, omenaldia eginen diote Jon Anza zenari Urruñan (Lapurdi), elkarretaratzea eginda. Egia nahi dugu leloa hautatu dute haren lagunek eta familiak, gertatutakoaz egia osoa argitzeko eskatzeko. 2009ko apirilaren 18an desagertu zen, Okzitaniako Tolosara joateko trena hartu zuelarik —ETArekin hitzordua zuen Tolosan, erakundeak gero esan zuenez—. Apirilaren 24an Bordeleko erietxean (Frantzia) ordua zeukan; ez zen agertu.

Familia bilatzen hasi zen, baina ez zuen aurkitu. 2010eko martxoaren 11n jakin zen ofizialki Anzaren gorpua Tolosako Purpan erietxeko gorputegian zegoela. Gerora, Poliziaren inkestak jakitera eman zuen Anza larri atzeman zutela 2009ko apirilaren 30ean, Tolosako Estrasburgo kaleko jatetxe baten aitzinean, eta nortasuna finkatu gabe hil zela han, hamar egun geroago.

«Garai hartan estatuei pausatzen genizkien galderek gaurkotasun bera dute egun, eta erantzunak exijitzen ditugu», jakinarazi dute antolatzaileek. Jon Anzarekin zer egin zuten galdetzen diote Frantziari, egia osoa argitzeko exijituz. Antolatzaileen iritziz, haren desagertzea eta heriotza gerla zikinarekin lotuta daude: «Heriotzaraino eramana izan den ekintza baten aitzinean gara».

Etakidea desagertu zelarik, egia osoa argitzeko eskatu zuten familiak eta lagunek. Orduan zituzten galderak ugaritu baino ez direla egin berretsi dute. Gerra zikinaren kasu guztiak argitzeko eskatu diote Frantziari, eta argitzeko horren aitzinean estatuak ukan duen jarrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.