Donibane Garaziko Nafarroa lizeoko bi ikasleen bortxaketa salatzeko, elkarretaratze bat eginen dute gaur Nafarroa Behereko hiriburuko herriko etxearen aitzinean, 19:00etan. Herritar talde batek deitu du protestara, eta Martxoaren 8ko mobilizazioak antolatzen ari den Ipar Euskal Herriko asanblada feminista batu egin zaie.
Jendarte patriarkala hautsi! Eraso sexistarik ez!Aski da! lelopean eginen dute gaurko elkarretaratzea. Martxoaren 8ko asanbladak nabarmendu du eraso jakin hori ez ezik «bortxaketaren kultura» ere salatuko dutela.
Joan den ortziralean protesta ugari egin zituzten Euskal Herriko ikastetxeetan, Gora Ikasleon Borroka mugimenduak deituta. Bertzeak bertze, Santurtzin, Galdakaon (Bizkaia), Oiartzunen (Gipuzkoa), Beran, Lekarozen (Nafarroa), Agurainen (Araba), Bilbon, Donostian eta Baionan egin zituzten elkarretaratzeak.