Bateragune auziko zigorra salatzeko eta epaiketa zein zigor politikoen kontra, elkarretaratzeak egin zituzten atzo ehunka lagunek Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Bilbon Jone Goirizelaia, Tasio Erkizia, Karmelo Landa eta Niko Moreno ezker abertzaleko kideak izan ziren, besteak beste, eta Alternatibako Oskar Matute zein LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaide ere bai. Epaia «euskal gizartearen errealitatetik kanpo» dagoela salatu zuten, bukaeran irakurritako testuan, eta «injustua» izateaz gain, «abian den prozesu demokratikoarentzat zigorra» dela. Bihar Bilbon egingo den nazio manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten. Epaiketa gehiagorik ez. Zigor gehiagorik ez lelopean abiatuko da manifestazioa, 17:00etan, Casilla aurretik.
Hainbat eragilek egin dute dagoeneko manifestaziorako deia. Atzo, esate baterako, Lokarrik, AHT Gelditu Elkarlanak eta Euskal Diasporak ohar bana bidali zuten komunikabideetara, haien atxikimenduen berri emanez.
Lokarriren irudiko, «bere burua errespetatzen duen zuzenbide estatu batean onartezina eta injustua» da Bateragune auziko epaia. Espainiako Auzitegi Nazionalak hamarna urteko zigorra jarri die Arnaldo Otegiri eta Rafa Diezi, eta zortzina urtekoa Miren Zabaletari, Arkaitz Rodriguezi eta Sonia Jacintori. Bost lagun horiek «beraien jarduera politikoagatik» zigortu dituztela salatu du Lokarrik; «gaur egun legez kanpo dagoen ezker abertzalearen estrategia politiko berria bideratzen egindako lanagatik». Ezker abertzalea estrategia berri horretan indarkeria mota guztietatik «argi, modu errepikatuan eta zalantzarik gabe bereizi» dela nabarmendu du.
Diasporako hainbat lagunek ere bat egin dute manifestaziorako deiarekin. Argentinan, Uruguain, Mexikon, Venezuelan, Ameriketako Estatu Batuetan, Espainian eta beste hainbat tokitan bizi diren euskal herritar batzuek ohar bat adostu dute, deia egiteko. «Euskal prozesua» trabatu nahi izatea egotzi diote Espainiako Estatuari, «desberdin pentsatzen dutenekiko kontrol errepresiboa eginez eta elkarrizketarako aukera orori uko eginez». Epaia judiziala izan beharrean politikoa dela salatu dute, eta agerian uzten duela «bere Estatu-Nazioaren kontrola galtzeko Espainiako Estatuaren beldurra».
AHT Gelditu Elkarlanak, berriz, Bateragune auziko epaia «zentzugabekeria juridiko eta politiko ikaragarria» dela salatu du. «Euskal Herriaren askatasun demokratikoen aurkako eraso larria» dela ere azpimarratu du. Hargatik, zigortuei elkartasuna adierazi die, eta bereziki Arkaitz Rodriguezi, «AHTaren aurkako oposizioan lanean aritu baitzen».
EB ez da joango
Bestelako norabidean idatzi du oharra EBk. Manifestaziora ez direla joango jakinarazi dute: «Inor ez da gurekin harremanetan jarri, ez deialdian parte hartzeko, ez bertara joateko, ezta leloaren eta amaierako testuaren gainean ados jartzeko ere». Beraz, deitzaileek ez dutela «babesik handiena» bilatzen ondorioztatu dute. Nolanahi ere, epaiaren kontra daudela berretsi dute. Horregatik, militanteek parte har dezaketela jakinarazi du EBk oharrean.
Elkarretaratzeak egin dituzte epaiketa politikoen eta zigorren kontra
Lokarri eta AHT Gelditu Elkarlanak bihar Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu