Indarkeria matxista

Elkarretaratzera deitu dute biharko Miarritzen, hilketa matxista salatzeko

77 urteko gizonezko batek 75 urteko emaztea hil du, eta ondotik bere buruaz bertze egin. Prokuradoreak BERRIAri baieztatu dionez, nahita egindako hilketa izatea da hipotesi bakarra. 2003tik 110 emakume hil dituzte, BERRIAren hilketa matxisten datu basearen arabera.

Sexu eraso baten kontrako elkarretaratze bat, Baionan, 2018an, Aitzina gazte erakundeak antoatuta. ISABELLE MIQUELESTORENA
2021eko apirilaren 15a
13:27
Entzun

Beste hilketa matxista batek Euskal Herria astindu du: gizon batek emakume bat hil du Miarritzen (Lapurdi). Agilera auzoko etxebizitza batean gertatu da, asteazkenetik ostegunera bitartean. Suhiltzaileek aurkitu dituzte gorpuak, goizaldean. Gizonak 77 urte zituen, eta emakumeak, 75. Lehen zantzuen arabera, eskopetaz hil du gizonak emakumea, eta ondoren bere buruaz beste egin du. Mugimendu feministak protestara deitu du biharko: Miarritzeko herriko etxearen aitzinean biltzera deitu dute, 18:00etan. Martxoaren 8ko asanbladak antolatu du elkarretaratzea.

France Bleu Pays Basque irratiak eman du goizean hilketaren berri, eta Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak BERRIAri baieztatu dio nahita egindako hilketa bat izatea dela hipotesi nagusi eta bakarra, gizonak bere buruaz beste egin aurretik egin duena. Ustez, gutun bat aurkitu dute etxean; Bourrierrek adierazi du «nekea» aipatzen duela gutun horrek. Ez dago bertzelako hipotesirik, ordea. Frantziako Poliziak Miarritzen duen polizia etxearen esku dago ikerketa, eta autopsia heldu den astean eginen diete gorpuei.

2003tik indarkeria matxistaren eraginez Euskal Herrian hil duten 110. emakumea da, BERRIAren hilketa matxisten datu baseak jasotzen duenez. Aurten, Aintzane Pujanaren gorpua aurkitu zuten urte hasieran, Aizarnazabalen (Gipuzkoa); bikote bat atxilotu zuten hilketa egotzita, eta Pujana sexualki esplotatzea egotzi zieten. Otsailaren 12an, berriz, Conchi Gonzalez hil zuen haren senarrak, Sestaon (Bilbo).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.