Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Elkarrizketa fase bat hastea eskaini die Otegik EAJri eta Ahal Dugu-ri

Hiru arlotan egin die eskaintza: arlo soziala, burujabetza eta bakea. Adostasunak "erakundeetara eta parlamentuetara" eramateko prest azaldu da.

EH Bilduk Donostian eginiko ekitaldia. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko abuztuaren 27a
09:28
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egiteko hilabete baino gutxiago falta dela, proposamen politikoa eta soziala plazaratu du EH Bilduk. Donostian mintegi bat egin dute koalizioko hautetsiek eta jarraitzaileek, eta ondoren aurkeztu du eskaintza Arnaldo Otegik, koalizioaren lehendakarigaiak. Alboan izan ditu zerrendan kide izango dituenak; besteak beste, Jasone Agirre eta Miren Larrion Bizkaiko eta Arabako zerrendaburuak.

EAJri eta Ahal Dugu-ri zuzendu zaie Otegi, baita eragile sindikalei eta sozialei ere. Hiru alorretan egin die elkarrizketarako proposamena:

1. Arlo soziala. Herritarrak "erdigunean" jartzea ezinbestekoa dela ohartarazi du. "Ezin da jendea bazterrean utzi. Eskubideak bermatu behar dira".

2. Burujabetza. Bide hori "azeleratu" egin behar dela ohartarazi du, eta "galdutzat" jo ditu Lopezen eta Urkulluren agintaldiak. Espainia "demokratizatzea" ezinezkotzat jo du, baina proba egitea eskaini die EAJri eta Ahal Dugu-ri: EAEko eta Nafarroako markoa aldatzen saiatzea, erabakitzeko eskubidea aitortua izan dezaten. Eskari hori Madrilera eramatea proposatu du Otegik. Ezezkoa jasoz gero, "gure herriari jarraitzea" izan beharko luke bidea, haren arabera. Ibilbide hori bide orri batean adostu behar dela esan du.

3. Bakea. Oraindik "bake osoa" lortzeko dagoela ohartarazi du; presoak jarri ditu adibide. Bakerako bidean "aurrera" jarraituko dutela nabarmendu du Otegik. "Ezin da denbora galdu, nahiz estatuak hori oztopatu nahi izan".

EAJrekin eta Ahal Dugu-rekin akordioak lortuz gero horiek "erakundeetara eta parlamentuetara" eramateko prest agertu da EH Bilduko lehendakarigaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.