Bakegintza eta elkarbizitzari buruzko proposamenekin abiatudute Gipuzkoako Batzar Nagusiek urte politiko berria. Atzo egin zuten lehen osoko bilkura,eta saioko bi puntutan heldu zioten gaiari. Lehenengoan, PPk eginiko proposamen bati erantzunez, eta, bigarrengoan, PSE-EEk EAJrekin batera aurkeztutako testu bati erantzunez. ETAren indarkeria gaitzesteari buruz PPk aurkeztutako proposamena geroago bakegintzari buruz egingo zen eztabaidaren atarikoa baino ez zen izan. PSE-EEk babestu zuen soilik testua, eta besteek aurka bozkatu zuten. Halaber, testu horren gaineko osoko zuzenketak aurkeztu zituzten, eta bakoitzak berea babestu zuen. Aralarrek, bereaz gain, Bildurenean aldeko botoa eman zuen, eta EAJren proposamenean abstenitu egin zen.
PSE-EEk eta EAJk batera aurkeztutako proposamenak, berriz, agerian utzi zuen bi alderdi horien artean dagoen sintonia. Bakegintzari eta normalizazio politikoari buruzko ponentzia bat prestatzeko ekimena aurkeztu berri du alderdi jeltzaleak batzar nagusietan, eta alderdi sozialista jada hasia da EAJren proposamena aztertzen, atzoko bat egiteak agerian utzi zuen moduan.
Hiru puntu ditu bi alderdiek babestutako testuak. Lehenengoan, «talde terrorista guztiek» eragindako biktimen aitortza egiten da. Bigarrenean, helburu politikoak lortzeko indarkeriaren erabilera errefusatzen da. Eta, hirugarrenean, irtenbide elkarrizketatuaren alde egiten da, «horretarako baldintzak betetzen badira» eta «indarkeria uzteko borondatea argia bada». Hirugarren puntu hori 2005ean Espaniako Kongresuan onartutako ebazpenean dauka jatorria. Ebazpen horren bidez Kongresuak babesa eman zion Espaniako Gobernuari ETArekin elkarrizketak abiatzeko, azken bake prozesuaren hastapenetan.
Proposamena bozkatzerako orduan, gainontzeko alderdiak abstenitu egin ziren. Testuak, halere, aurrera egin zuen, PSE eta EAJren babesarekin.
Rafaela Romero PSE-EEko bozeramaileak testua onartzeko «ausardiarik» erakutsi ez izana eta gai horretan «ezker abertzalearen atzetik» joatea leporatu zion Bilduri.
Idoia Ormazabal Bilduko bozeramaileak, Romerori erantzunez, nabarmendu zuen testuan ez direla «indarkeria mota guztiak» aintzat hartzen, eta egungo egoeran «norbanako eta eskubide guztien» errespetuan oinarritutako proposamenak behar direla.
PPk, berriz, adierazi zuen «oro har» testuarekin ados dagoela, baina hirugarren puntua kritikatu zuen. «ETAren amaiera negoziatzeko ez gara mahai batean eseriko, hori ETAri dagokio. Ondoren, elkarbizitza lortzeko, bai», esan zuen Iosu Murgiondo PPren eledunak.
Biktimak eta kontakizuna
Markel Olano EAJren eledunarentzat «aurrerapausoa» izan zen atzoko akordioa. Batzarkide jeltzalearen arabera, bizikidetza prozesu bat abian jartzeko ezinbestekoa da irabazle eta galtzaileen arteko kontakizuna gainditzea. «Biktima guztien plangintza integral bat behar dugu».
Romerok, bere aldetik, «biktima guztiak» aintzat hartzeko borondatea agertu zuen, baita poliziaren indarkeriak eragindakoak ere. Hala ere, «lehenengo eta bigarren mailako biktimen» bereizketa egitearen aurka azaldu zen, baita biktimak «berdintzearen» aurka ere. Ideia horrekin bat egin zuen PPko Juan Carlos Canok, eta gaineratu zuen ETA «existitu bitartean» ezingo dela «bizikidetza agertokirik» sortu.
Bilduk eta Aralarrek, «aldebakarreko ekimen zaharkituakahaztu» eta eragile guztiei eskatuzieten urratsak egiteko.
Elkarrizketa prozesu baten alde agertu dira EAJ eta PSE-EE
Bi alderdiek testu bateratu bat aurkeztu dute bakegintza eta elkarbizitzari buruz Gipuzkoako Batzar NagusietanBildu abstenitu egin da, «indarkeria mota guztiak» aintzat hartzen ez dituelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu