Presoen egoera. Patt Sheehan. Sinn Feineko diputatua eta IRAko preso ohia

«Elkarrizketaren aldeko argudioa oso indartsua da»

Irlandako prozesuaz eta presoek konponbide politikoan ukan duten parte hartzeari buruz mintzatu zen Patt Sheehan atzo Baionan.

BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Patt Sheehan Ipar Irlandako Belfast hirian sortu zen 1958an. Hamar urtez preso egon zen IRAko kidea izateagatik, eta parte hartu zuen 1981ean irlandar preso politikoek heriotzaraino eramandako gose greban. Bobby Sands ezagunena izan bazen ere, hamar preso politiko hil ziren gose greban. Sheehanen iritziz, borroka hori mugarri izan zen gatazkan, eta nazioarteari begira argi gelditu zen Irlanda eta Erresuma Batuak zeukaten gatazka politikoak konponbide politikoa behar zuela. Hango prozesuaz eta presoen parte hartzeaz mintzatzera jin zen atzo Baionara.

Gatazka politikoaren konponbidean Euskal Herriak Irlandan jarri du begirada. Zer ekarpen egin diezaioke Irlandak Euskal Herriari une honetan?

Egoera guztiak dira ezberdin eta konponbideak ez dira berak. Ezin da zuzeneanhartu Irlandako eredua. Irlandako mugimendu abertzaleak ukan duen bermeetarik bat erakunde abertzaleen arteko batasuna izan da. Gure historia zatiketaz beterik dago. Buruzagi errepublikanoen lorpena izan da batasun hori atxikitzea. Euskal Herriak kontuan hartu behar du elementu hori. Funtsezkoa da batasuna eta aldi berean zubiak, konplizitatea eraikitzea bertze alderdi politiko eta gizarte eragileekin zein sindikatuekin. Akordio zabalak lortu behar dira aitzinera egiteko. Orokorrean,Espainia eta Frantziako gobernuei erranen nieke ardura politikoa duen oro negoziazioan engaiatu behar dela. Esperientziak erakusten digu Euskal Herriko gatazka politikoak, Irlandakoak, Hegoafrikakoak... konponbide bakarra dutela: elkarrizketa politikoa. Batzuek diote ezin diotela elkarrizketari ekin konfiantza falta delako. Konfiantza ez da prozesuaren hastapenean lortzen, bukaeran baizik.

Heriotzarainoko gose greba egin zuten irlandar presoek 81ean eta hamar preso hil ziren. Nola gogoratzen dituzu garai horiek?

Garai beltz eta ilunak ziren. Inork ez zuen uste borroka armatua buka zitekeenik. Presondegietan egoera latzak bizi ziren. Presoak jo eta torturatzen gintuzten. Lau hilabetean hamar preso hil ziren. Ni ere hiltzeko zorian egon nintzen. Garai hartan galdetu izan balidate gatazkak konponbiderik ote zuen, ezetz erantzungo nuke. Gaur egunetik ikusita, argi dago prozesuaren hastapena borroka hartan kokatu zela. Bobby Sands diputatu hautatu izanak bidea erakutsi zuen.

Zer ekarri zion presoen borrokak nazio askapen prozesuari?

Borrokan presoek eginkizun zentrala izan dute betidanik. 1976-1981 bitartean presoak borrokaren abangoardian zeuden. H blokeetan egindako borrokek eragin zuten jende anitz sartzea IRAn eta askapen borrokan. Gose grebak eragin izugarria izan zuen, Irlandan ez ezik, mundu zabalean. Gatazka mundu zabalera eraman zuen. Erresuma Batuek erraten zuten barne gatazka zela eta legeen baitan konpondu behar zela. Gose grebaren ondoren inork ez zuen hori sinesten. Nazioartean eragin zuzena ukan zuen. Iparramerikar-irlandar lobby-a abian jarri zen, eta orduan presidentegai zen Bill Clintonen promes bat lortu zen. Irabazten bazuen Irlandako gatazka agendaren lehen puntuetan kokatuko zuela jakinarazi zuen Clintonek.

Ostegun Sainduko akordiotik presoak askatu arte zenbat denbora iragan zen? Nola lortu zen?

Ez zen amnistia orokorrik egon. Buruzagi errepublikanoek Erresuma Batuko buruzagien engaiamendu bat lortu zuten. Ekintzarik ezean, bi urteko epean denak kaleratuko zituen. Ekintzak egonez gero, espetxeratuko zituzten. Zigorraren herena beterik zeukatenak askatu zituzten lehenik. Bi urtean denak zeuden kalean.

Ba ote dago konponbiderik presoen arazoa konpondu gabe?

Ez. Presoak gatazka politikoaren ondorioa dira. Ezin da gatazka gainditu militanteak preso mantentzen badira. Ez du logikarik.

Alta, Espainia eta Frantzia logika horretan mantentzen dira.

Hastapenean britainiarrek gauza bera zioten. IRAk 1994an egin zuen lehen menia, baina ez zen presorik atera 1998ra arte; Ostiral Sainduko akordioa lortu arte. britainiarrek zioten ez zituztela presoak askatuko, Frantziako eta Espainiako gobernuek bezala. Baina holako kontuak, eta presoen gaia bereziki, negoziazioen bidez konpontzen dira. Presoen gaia gol bat izan daiteke, eta prozesuan aldeen borondatea agerian utz dezake. Espainiako eta Frantziako gobernuek, zintzoak badira prozesuarekiko, presoak askatuko dituzte.

Prozesuan geldiune anitz egon ziren. Nola gainditu ziren?

Hastapenean hizkuntza eta terminologia arazoak ziren. Britainiarrek nahi zuten IRAk su-eten iraunkorra ematea, eta IRAk ez zuen onartu. Gero armen gaia heldu zen. IRAk armak eman arte negoziaziorik ez zela egonen erran zuten britainiarrek. IRAk uko egin zion horri. Armak eman gabe elkarrizketak abiatzea lortu zen. Baina argi zegoen negoziazioaren une batean konpondu behar zela hori. Buruzagien ardura da une egokia finkatzea. Prozesuan aulki bat libre zegoen, nazioarteko pertsona independente bat jartzeko. Clintonek George Mitchell senataria jarri zuen.

Aieten urratsak eskatu zizkieten Frantzia eta Espainiari. Zer egin dezake nazioarteak hori bultzatzeko?

Gobernuenganako presioa mantentzeaeskatu behar zaio nazioarteari. Hara Jeffrey Donaldson diputatu unionistaren kasua. Onartu du unionistak oker zeudela elkarrizketei uko egitean. Eragileen sostenguak lortu behar dira, Erresuma Batuko Gobernuarenak, Hegoafrikakoarenak... nazioartearenak. Elkarrizketaren eta negoziazioaren aldeko argudioa oso indartsua da. Ez du axola bakoitzak pentsatzen duena. Prozesua, gatazken konponbideei dagokienez, baikorki ikusten du nazioarteak. Espainia eta Frantziako gobernuek elkarrizketari ekin beharko diote goiz edo berandu, nahita ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.