Garapenerako lankidetza ofiziala ez dago garai onenean Hego Euskal Herrian. Gobernu, aldundi eta udal garrantzitsuenek nazioarteko elkartasunera bideratutako aurrekontuen garrantziak behera egin du azken bi urteetan. 2009. urtetik, garapenera bideratutako lankidetzak baliabide ofizial gehien izan zuen urtetik, %3,6 jaitsi da: 3,6 milioi euro inguru.
Diru kopuru aldetik izandako beherakadarekin batera, diru sail horiek instituzioen aurrekontuen barnean zuten garrantzia ere jaitsi egin da. Hau da, Eusko Jaurlaritzak, 2009tik diru sailari eutsi dion arren, harrezkero aurrekontua handitu egin du, eta, ondorioz, garapenerako lankidetzarako erabilitako sail horren garrantziak behera egin du. Hori bera instituzio garrantzitsu gehienetan gertatu da Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernuaren kasuan, aurrekontuetan onartutako diru saila %7 jaitsi da: 1,5 milioi euro, gutxi gorabehera.
«Elkartasuna beharrezkoa da, itzuli behar den zor historiko batez ari garela kontuan hartuta; justizia da eskatzen duguna, ez karitatea», nabarmendu du Eduardo Garciak, garapenerako GKE gobernuz kanpoko erakundeen Euskadiko Koordinakundeko kide eta bozeramaileak.
Aurrekontuen izozte edota murrizketa horiek arrazoitzeko, egoera ekonomikora jo dute instituzioek. Garciak uste du Espainiako Gobernuak 2010eko aurrekontuan garapenerako lankidetzarako diru laguntzetan egindako 1.218 milioi euroko murrizketak erraztu egin dituela Hego Euskal Herrian hartutako erabakiak. Dena den, gogor kritikatu du krisia nola erabili den.
Gastu publikoa murriztu behar zela argudiatuta gastu sozialean egindako murrizketak biziki kritikatu ditu Garciak, eta Euskal Herrian bizi direnenganako edo pobretutako herrialdeetako biztanleenganako elkartasuna lehian jartzeko ahalegina kritikatu du. «Elkartasunak ez du zerikusirik distantziarekin edo jatorriarekin». Ildo beretik jo du Nerea Basterrak, Intermon Oxfam Euskadiko zuzendariak. «Bati emateak ez du esan nahi besteari kendu behar zaionik». Behar guztiei aurre egiteko, borondate politikoa baino ez dela behar nabarmendu du.
Ordea, krisi ekonomikoa heldu aurretik garapenerako lankidetzaren alorrean lortutako hitzarmenak ez zituztela betetzen gogorarazi du Garciak. Nabarmendu du 2007ko bukaeran onartu zen Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutuna ez direla betetzen ari. Horren arabera, Jaurlaritzak diru sail bat bideratu behar zuen urtero herrialde pobretuek Espainiarekin duten kanpo zorra bukatzen laguntzeko, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleei dagokien zorra bere gain hartuz. Ordea, azaldu du orain arte ez dela ezer egin eta Jaurlaritzak jakinarazi duela ez duela ezer egiteko asmorik datozen urteetan.
Eusko Jaurlaritzak 2012. urterako aurrekontuaren %0,7 lankidetzarako emateko hitzarmena sinatu zuen, eta Gasteizko eta Donostiako udalek aurrekontuaren %1 helburu horretarako erabiltzeko asmoa hitzartu zuten. Ordea, hitzarmen horiek guztiak hutsean gelditu direla kritikatu du Euskadiko GKEen Koordinakundeak. Jaurlaritzak aurrekontu bateratuaren %0,48 eman du nazioarteko lankidetzarako, etaGasteizko Udalaren diru laguntza %0,80ra ere ez da heltzen. Ondorioz, Lankidetzarako Udal Batzordean zeuden GKEek bertatik alde egin dute, protesta moduan.
Zenbakiak baino gehiago
Aurrekontuak, euroak, egitasmoak... Nazioarteko lankidetzaz hitz egitean hitz horiek ohikoak diren arren, horren oinarrian dagoena beste zerbait dela gogorarazi du Basterrak, Intermon Oxfam Euskadiko zuzendariak. Adibide moduan, Espainiako Gobernuak nazioarteko lankidetzako diru sailetan egindako murrizketarekin, Hiesak gaixotutako hiru milioi pertsonarentzako urtebeteko botikak ordain daitezke, edo elgorrirako sei milioi txerto erosi, edo Afrikan 600.000 emaginen urteko soldata ordaindu.
Nazioarteko garapenerako lankidetza hezkuntza, osasuna, azpiegitura eta bestelako zenbait ildo lantzen dituzten proiektu eta programen bitartez bideratzen da, edota laguntza humanitarioaren bidez. Laguntza horren zati bat gobernuek kudeatzen dute zuzenean, bai beste gobernuekinegindako hitzarmenen bitartez, bai nazioarteko erakundeekin hitzartutako partiden bidez. Ordea, gobernuz kanpoko erakundeen bidezko lankidetza da ohikoena Euskal Herrian, pobretutako herrialdeetako elkarteekin duten harremanetik sortutako egitasmoen bitartez.
Ordea, lankidetzak dituen helburuek jarraipena izan dezaten, egitasmoak egiten diren herrialdeetako biztanleak eskubideez jabetu daitezen, «kalitatezko lankidetza» behar dela gogorarazi du Alicia Alemanek, Alboan-eko teknikariak. Hori lortu ahal izateko aurreikuspenarekin lan egitea garrantzitsua dela gogorarazi du, eta ildo horretan egitasmoen egonkortasuna garrantzitsua dela gaineratu du.
Aurrekontuetan izandako murrizketaren eragina handia izan ez arren, elkarte batzuk sumatzen hasi dira dagoeneko. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak irizpide ezberdinak dituzte egokitzapenak egiterakoan; EAEn laguntzei eutsi diete —egitasmo kopuruan eragin dezakeen arren—; Nafarroak, berriz, laguntzen kopurua gutxitu du egitasmo gehiagotara heldu ahal izateko. Neurri horrek aurrera ateratzen diren egitasmoen indarra baldintza dezakeela uste du Javier Anduezak, Nafarroako GKEen Koordinakundeko presidenteak.
Bi norabidetako lana
Herrialde pobretuetako lanean azken bi urtetako bilakaeraren eragina oraingoz handia ez den arren, Euskal Herrian bertan egiten diren ekimenetan apur bat gehiago nabari daitekeela uste du Alemanek. Ordea, hemengo lanaren garrantzia azpimarratu dute guztiek, mundu bideragarriagoa eraikiz gero desorekak eta ezberdintasunak txikituko direla argudiatuta. «Mundu osoak Euskal Herriko kontsumo maila balu, hiru planeta beharko genituzke; gure kontsumoak munduko beste tokietan eragiten du», azaldu du Garciak.
Gizarte eredu bideragarriago bat sustatzearen eta bultzatzearen garrantzia nabarmendu du Puri Rojok, Mugarik Gabeko kideak. Hori lortzeko egungo egituren aldaketa sakona behar dela nabarmendu du, bai agintarien partetik, baita gizabanakoek gizarte zuzenago baten alde har ditzaketen erabakietan ere, eta GKEek ildo horretan ere duten zeregina gogorarazi du.
Krisi garaian kontsumo arduratsuaren alde sortutako alternatibak indarra bereganatzen ari direla gogorarazi du Alberto Cereijok, SETEM Hego Haizeako zuzendariak. Ingurumenean eta beste sektoreetan modu positiboan eragiten duten banku etikoak, inguruko ekoizleengana jotzen duten kontsumitzaile elkarteak... «Horrenbeste pobrezia eragin duen sistemari ordezkoak bilatzeko garaia heldu da; inoiz baino aukera gehiago dugu».
Instituzioen garapenerako lankidetza
Elkartasun ofiziala, krisian
Garapenerako lankidetzara bideratutako aurrekontua izoztu edo murriztu dute administrazio nagusiek 2009tik, eta GKEek gogorarazi dute ez direla betetzen ari pobretutako herrialdeekin duten «zor historikoaren» inguruan hitzartutako konpromisoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu