Elkartasuna eta laguntza bete karabana

ANARASD elkarteak hiru kamioi bidaliko ditu gaur Tindufeko (Aljeria) kanpalekuetarantz; hamaseigarrenez antolatu dute ekinaldia, giza laguntza eta babes politikoa emateko asmoz.

ANARASD elkarteko kideak, atzo, kamioien ondoan. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
edurne elizondo
Noain
2012ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Nafarroatik hiru kamioi abiatuko dira gaur 08:00etan Aljeriara bidean. Tindufeko kanpalekuetan bizi diren Saharako errefuxiatuentzako elkartasunez eta laguntzaz bete ditu kamioi horiek ANARASDek, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Nafarroako Lagunen Elkarteak. Sendagaiak, eskolan erabiltzeko materiala, Tifaritiko ospitalerako tresnak, ura eguzkiaren energia baliatuz berotzeko gailuak, betaurrekoak... Denetarik jaso dute sahararrentzat.

«Kanpalekuetan bizi diren errefuxiatuek nazioartetik ailegatzen zaien laguntza behar dute. Laguntza horri esker egiten dute aurrera. Horregatik dira hain garrantzitsuak gurearen gisako karabanak. Laguntza, elkartasuna eta babes politikoa helaraztea da helburua. Munduari erakustea nor diren».

ANARASD elkarteko koordinatzaile Charo Pardorenak dira hitzak. Atzo, kamioiak betetzen aritu zen Noaingo industrialdean, taldeko bertze hainbat kiderekin batera. Gaurko dena prest izatea zen kontua. Kamioiak sahararren aldeko grafitiekin apaintzeaz ere ez ziren ahaztu, eta zeregin horretan aritu dira hainbat egunez zenbait gazte.

Tinduferako bidaia eginen duten hiru kamioietako bi Iruñerriko Mankomunitateak eman dizkio ANARASDi, eta hirugarrena elkarteak berak erosi du. Alacanteraino (Herrialde Katalanak) eginen dute bidaia lehen etapan. «Handik itsasoz eginen dute bigarrena, Aljeriako Orango porturaino. Bertze hainbat tokitatik antolatu dituzten karabanekin batera joanen da gurea. Portuan Saharako Ilargi Erdi Gorriak hartuko ditu, eta sahararrek gidatuko dituzte kanpalekuetaraino, 1.800 kilometroko bidea eginez», azaldu zuen Pardok.

Hamaseigarrenez prestatu dute aurtengo karabana. Urtean bi antolatzen dira: otsailean eta ekainean. «Garai batean Tinduferaino eramaten genituen guk, baina segurtasun arrazoiengatik jada ez dugu egiten». Apirilean, hala ere, Tindufen izanen dira Pardo eta elkarteko bertze hainbat kide, hamabost inguru denera. «Orain bidaltzen dugun materiala jaso eta banatuko dugu».

ANARASDeko kideek ongi ezagutzen dituzte kapalekuak eta han bizi duten errealitatea. 2000. urtean sortu zuten taldea, baina lehenago hasi ziren sahararren alde lanean. «1992. urtetik ari gara gehienok». Karabanen bidez laguntza bidaltzeaz gain, zenbait profesionalek ere urtean hainbat bidaia egiten dute Tindufeko kanpalekuetara. Medikuak dira horietako hainbat. «Mediku eta erizain talde bat dugu, eta hezkuntzari buruzko proiektu batean ere irakasleak ditugu sahararrentzako eskola liburuak egiteko lanetan laguntzen».

Egunerokoan laguntza behar duen herria da sahararrena, Pardoren hitzetan. «Kontraesan handia da, natur baliabide anitz duen herria baita. Ezin ditu erabili, ordea, Marokoren legez kanpoko okupazioaren erruz». Sahararrek bizi dutena «ahaztutako gatazka» dela uste du, eta bakarrik konponduko dela haien lurretara itzultzen direnean. Bitartean, zubiak eraikitzea da ANARASD elkartearen lana. «Sahararren errealitatea ikusgarri bilakatzeko». Kamioiek Tinduferako bidea egin dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.