Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan bezala, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere txokoak eta elkarte gastronomikoak itxita egongo dira aurrerantzean ere. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak akats bat egin du gaur eguerdian udalerriei dagokien ebazpenean, eta argitaratu du, EAEko Auzitegi Nagusiaren astearteko erabakiaren ondorioz, txoko eta elkarteen itxiera ere bertan behera geratzen zela. Ebazpen horretan oinarrituta eman du BERRIAk txoko eta elkarte gastronomikoen irekieraren albistea.
Honela zioen, okerreko ebazpenak: "Era berean, kautela-neurrien 12/2021 pieza bereizian, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren Hirugarren Sekzioak, 2021eko otsailaren 9ko autoaren bidez, kautelaz erabaki du ostalaritzako, jatetxeetako, txokoetako eta elkarte gastronomikoetako establezimendu eta zerbitzuak berriz irekitzeko arauei buruzko tartekiaren indarraldia etetea, Lehendakariaren abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuaren eranskineko 9.1) atalekoa, Lehendakariaren urtarrilaren 22ko 4/2021 Dekretuak luzatutakoa. Indarraldia eteteak esan nahi du aipatutako establezimenduak jendearentzat ireki ahal izango direla, abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuaren 9. ataleko 3. puntuan ezarritako neurriak betez".
Gero, ordea, Osasun Sailak zuzendu egin du akatsa, eta, BERRIAri baieztatu dionez, lehen ebazpen hori akats bat izan da, eta Auzitegi Nagusiaren erabakiak soilik tabernei eragiten die. Txoko eta elkarte gastronomikoak, beraz, itxita egongo dira aurrerantzean ere.