Hezkuntza. Etorkinak eskolan

Elkartzeak baztertzea dakarrenean

Ikasle etorkinen kopurua hamar bider hazi da azken hamarraldian Hego Euskal Herriko eskoletan. Ez guztietan: ikastetxe batzuetan pilatu dira, gaztelaniazko ereduetan. Eta bertakoak joan egin dira.

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Piper urte batean ere egin gabe, azken hamarkadan hamar bider hazi da Espainiaz kanpoko ikasle etorkinen kopurua Hego Euskal Herrian. Bistan da aldea: 3.424 ziren 1999-2000ko ikasturtean; 35.105, 2009-2010ekoan. Handitu da kopurua, baina eskola batzuetan soilik nabaritu dute. Haietan pilatu dira etorkinak. Eta joan dira haietatik bertako ikasleak. «Gizarte auzi bat da, plazaratu beharrekoa», esan du Candido Hernandezek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berritzeko Zuzendaritzako buruak. Kanpotarrak pilatzen eta bertakoak alde egiten, ghettoez hasiak dira hizketan.

Nabarmen hazi da immigranteen kopurua eskoletan, baina, oro har hartuta, ez da handia ere: Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, ikasle guztien %7,95 dira, 441.308tik 35.105. Espainiako Hezkuntza Ministerioaren datuak dira. Horiek guztiek non ikasten duten da kontua. «Kontzentrazio artifizial indartsuak daude une honetan: ikasle gehienak edo guztiak etorkinen seme-alabak dituzten eskolak daude, eta beste batzuk, non guzti-guztiak bertakoen seme-alabak diren». Amelia Barquin unibertsitate irakasleak egin du egoeraren azterketa. Datuek, Jaurlaritzarenek, argi diote: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hamabi ikastetxetan gehiago dira etorkinak bertako estudianteak baino.

Hiriburuetan eta etorkin asko dauden tokietan gertatzen da hori; esaterako, Gasteizen: hamabi eskola horietatik sei daude han. «Gizarte errealitateari erantzuten dio horrek: etorkinek ere badaukate aukera eskola hautatzeko. Immigranteak dauden auzoetako eskoletan daude pilatuta ikasle etorkinak», esan du SOS Arrazakeriako kide Kepa Oterok. Ados, baina inguru jakin batean bertan ere badaude aldeak. Hala dio Barquinek: «Auzo berean badaude erabat ghettifikatutako eskolak, eta batere etorkinik gabeak. Aztertu beharrekoa da hori».

Batzera jotzen dute etorkinek, bistakoa da hori. «Guk ghetto bezala ikusten duguna ez da horrela haientzat: babeslekutzat jotzen dute. Inguru ziur bat, beren identitatea aldarrika dezaketen esparru bat». Jesus Prieto antropologo eta irakasleak uste du hasieran, etorri berritan, egiten dutela hori etorkinek. «Familiak hemen egin nahi badu bere bizi proiektua, aldatu egiten du jarrera: bertakoekin aritzera jotzen dute». Hernandezek berretsi du badagoela «berrelkartze» bat: eskola publikoetan batzen dira —Hego Euskal Herrian, etorkinen %72,5 daude sare publikoan—, eta A ereduan.

Ohiko matrikulazio garaitik kanpo etortzen dira ikasle etorkin gehienak, Jaurlaritzako arduradunaren esanetan. «Eskolatze batzorde batzuk daude, eta haiek eskaintza bat egiten diote ikasleari». Familien nahiak eta hezkuntza sistemaren gaitasunak uztartzen saiatzen dira batzorde horiek. «Ondo samar funtzionatzen du horrek», dio Hernandezek.

Datuek diote etorkinek gerora egiten duten aukera nolabait bideratu egiten dutela eskolatze batzordeek. Ikasturte honetan, irailetik abendura, 2.050 kasu aztertu zituzten batzorde horiek, eta sare publikora bideratu zituzten hamar ikasletik sei, eta proportzio berean A eta B ereduetara —salbuespena Gipuzkoa da: D ereduan sartu zituzten ikasleen %58—.

Gaztelaniazko ereduetan

Trantsizioko urtea igarota, ohiko matrikula egiteko garaia izaten dute ikasle etorkinek. «Beste sendi guztiek bezala, eskubidea dute nahi duten ikastetxera joateko, betiere lekua badago. Eta orduan sortzen dira kontzentrazioak», azaldu du Hernandezek. Haren arabera, lehendik etorritako senideak edo ezagunak dauden eskoletara jotzen dute immigranteek.

Hiru ereduek antzeko indarra dute EAEn ikasle etorkinen artean: %35 ari dira D ereduan, %33 A ereduan eta %30 B ereduan. Alde nabariak daude herrialdetik herrialdera; Gipuzkoan nabarmen gehiago dira euskaraz ikasten ari direnak, eta Araban gutxiago. Nafarroan, euskarazko eredua oso bazterrekoa da etorkinen artean: %1,6k aukeratzen dute, 195ek guztira. G eredua, gaztelania hutsezkoa, da nagusi; hamarretik zortzik ikasten dute horretan.

Banaketa ez dator bat ikasleen kopuru orokorra aintzat hartuta. Datorren urterako aurrematrikulazio datuak: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, lautik hiruk eskatu dute euskarazko eredua; B eredua %20k nahi dute, eta gaztelaniazkoa, %3,75ek. Zerikusirik ez etorkinen datuekin. Immigranteen jatorriak badu zerikusia, Jaurlaritzako eledunaren hitzetan: «Latinoamerikatik datozenek, adibidez, gaztelania menperatzen dute, eta gurasoek joera gehiago dute hizkuntza horretako ereduetara jotzeko». Barquinek dio, ordea, zerbait badagoela horren atzean: «Iruzurra dirudi. Bertakoek aukeratzen ez duten eredu batera igortzen dituzte etorkinak. Zergatik? A ereduko ikastetxeek zuten gainbehera arintzeko eta haiek irekita mantentzeko?». Uste du «gizarte mailak islatzen» ari direla horrela, etorkinek etorkizunean aukera gutxiago izango dutelako, euskara ez dutelako jakingo.

Kupoez eztabaida

Ikasle etorkinak gehiengo handia diren geletan integrazioa ezinezkoa dela bat datoz adituak. «Integrazioa ezin da egin etorkinen kopurua oso handia baldin bada. Horietan ez dago kulturartekotasunik», ziurtatu du Prietok. Beste kontu bat da nola egin aurre. Eusko Legebiltzarrak 2009ko azaroan eskatu zuen jartzeko mugak: gela batean ikasle etorkinak ez izatea laurdena baino gehiago. EAEko Arartekoa ere azaldua da kupoen alde. Isabel Zelaa sailburuak, berriz, onartu du ezinezko duela parlamentuak agindutakoa betetzea.

Mugen aurka azaldu da SOS Arrazakeriako kidea: «Etorkinak banatzeak esan nahi du ikasle horiek salgaia direla. Nahi ez duguna soilik banatzen da. Kupoak ez dira egokiak, inola ere». Ados da Prieto ere, eta banaketa horrek arrazakeria susta dezakeela uste du: «Ehuneko bat jartzeak sinbologia handia du: gauza onei ez zaie muga hartzen, txarrei baizik». Argudio horiek ulergarri zaizkio Barquini, baina banatzearen alde egin du: «Ikasle guztiak, bertakoak eta etorkinak, banatuko nituzke nik. Hiri batean, adibidez, zatitu auzoka, eta hango eskolen artean banatu ikasleak».

Kupoak «erreferentzia gisara» erabiltzen dituztela onartu arren, arazoa gizartearena dela nabarmendu du Hernandezek. Oterok dio bertako ikasleen gurasoei eskatu behar zaizkiela kontuak: «Haiek ez balute alde egingo, ez litzateke hainbestekoa etorkinen proportzioa». Gizarteak zer nahi duen, hori dago oinarrian, Prietoren irudiko: «Benetan sinesten dugu kulturartekotasunean?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.