Hezkuntza

Emaitza kaskarrik gehienak euskara azterketaren emaitzetan daude

Jaurlaritzaren ebaluazio diagnostikoak dioenez, 10 urterekin hirutik bat ez da iristen gutxieneko mailara; 14rekin, %37.

Garikoitz Goikoetxea.
2014ko apirilaren 10a
15:43
Entzun

Gotorlekua dela zalantzarik ez da, euskararen arnasgune dela eskola, baina gaitasuna lortzeko arazoak daudela berretsi du orain ere Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletan egindako azterketak: ikertu dituzten alorretan, euskara da gaitasun maila apaleko ikasle gehien dituena. Lehen hezkuntzako laugarren mailan, 10 urterekin, %30ek dute maila kaskarra; DBH derrigorrezko bigarren hezkuntzako bigarren mailan, 14 urterekin, %37k. Maila aurreratua duten ikasleak gutxiago dira, batez ere DBHn —%21—. Ereduaren arabera, oso handia da aldea.

Ebaluazio diagnostikoan bildu dituzte zenbaki horiek. Azterketa bera egiten diete bi maila horietako ikasle guztiei —PISA ez bezala; batzuei soilik egiten diete hori—. 2013ko datuak aurkeztu zituzten atzo Eusko Legebiltzarrean. Badago berritasun bat: paperean ez, ordenagailuan egin dituzte ariketak ikasleek. Abantailak baditu horrek —esate baterako, ikasle gehiagok egin dutela azterketa: ia 40.000k—, baina izan dituzte gorabeherak ere, aparatu batzuek ez baitute behar bezala funtzionatu.

Aztergai dago errendimendua ere. Gisa bereko beste ikerketa batzuetan —PISAn, adibidez— ikusi dute probak ordenagailuan egitean jaitsi egiten dela ikasleen errendimendua. Izan ohitu gabe daudelako, izan azterketa eredua egokitu gabe dagoelako. Ikertzen ari dira PISAko buruak eurak ere.

Ordenagailurako saltoa eman izanak zaildu egiten du emaitzak aurreko ikerketekin alderatzea. Konparazioekin hasi gabe ere, nabari dira ildo batzuk urterik urte, baita oraingo proban ere. Euskara maila gutxienekoa eskuratzeko zailtasuna da horietako bat. 10 urterekin, euskaraz gutxieneko mailarik ez daukate %31k; gaztelaniaz %6 dira —datua oso nabarmen jaitsi da, %18tik—. 14 urterekin, aldea are nabarmenagoa da: euskaraz gutxieneko mailarik ez dute %37k; gaztelaniaz, %15ek. Maila aurreratua dutenei erreparatuta, aldea ez da hainbestekoa: bi puntu eskas 10 urterekin, eta zortzi puntu 14rekin. Ondorioa: erdaraz bermatuta dago ia ikasle guztiek lortzen dutela gutxieneko maila, hamarretik bederatzik; euskaraz ahulagoa da berme hori.

Ereduaren araberakoa

Noski, egoera erabat da diferentea hizkuntz ereduaren arabera. Orain kaleratutako datuak ikerketa osoaren aurrerapena soilik dira, eta ez dute jaso zein den ikasleen maila ereduz eredu. Aurreko ikerketetan atera dira aldeak, ordea. Azkenari erreparatuta, 14 urtekoen datuetan: maila apalekoak %25 D ereduan, %42 B ereduan, eta %85 A ereduan. Maila ez, baina ereduz ereduko batez bestekoa atera dute. Publikoko puntuazioa, 14 urterekin: A ereduan, 178; B ereduan, 226; eta D ereduan, 264. Alderatu gaztelerarekin: A ereduan, 227; B ereduan, 234; D ereduan, 250. Parekoagoak dira zenbakiak.

Ikasgai guztiak gaztelaniaz, eta, hala ere, A ereduko ikasleek dute puntuaziorik baxuena. Finean, ikasgai guztietan errepikatzen da egoera: D eredukoak buruan, gero B eredukoak, eta azkenean, A eredukoak. Itunpekoan ere joera bera da, itunpekoa beti publiko osoaren goitik dela —euskara da salbuespen bakarra: publikoko D ereduak nota hobea eskuratu du itunpeko A eta B ereduek baino—.

Gizarte desberdintasunak nabariak dira. Indize bat kalkulatu dute ikerketan —ISEK indize sozioekonomiko eta kulturala—, eta agerian geratu da aldea norainokoa den. Erdiko puntu modura 0 hartuta, hortik behera dago publiko osoa: D eredua, -0,2; B eredua, -0,6; eta A eredua, -1,2. Itunpeko sarea, berriz, goian dago: D eredua, 0,3; B eredua, 0,2; A eredua, 0,7. Ondorioa: oso maila sozioekonomiko baxuko gurasoek A ereduko eskola publikoetara bidaltzen dituzte umeak; oso maila altukoek, A ereduko itunpekoetara.

Euskararekin batera, zientzietako proban agertu da ahulgunea. Lautik batek ez dauka gutxieneko mailarik 10 urterekin, eta bostetik batek 14rekin. Maila aurreratua dutenen kopurua euskaraz baino ere baxuagoa da; 14 urterekin, %15 eskas dira goi mailakoak.

Hurrengoa, datorren urtean

Emaitza orokorrak bakarrik ez, datuak ikasle eta eskola bakoitzeko ere taxutzen ditu ISEI Irakats-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak. Datu bat aipatu du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak: 2009ko datuekin konparatuta, eskola gehienek, hamarretik seik, emaitzei eutsi diete, edo hobetu egin dituzte. Aurten ez dute egingo ebaluaziorik. Datorren urtean eginda, 2011n 10 urterekin egin zutenek egingo dute proba berriro, 14 urterekin, eta ingeleseko azterketa egin ahal izango diete berriro. Ikasle horien eboluzioa aztertu asmo dute gisa horretara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.