«Oso harro nago herri honetako lehen gobernu sozialistako lehendakaria izan naizelako. Ohore bat izan da hainbat belaunaldi sozialistaren ametsa betetzea». Agur kutsua hartu zuten, atzo gauean, Patxi Lopezen hitzek. Hauteskundeetako galtzaile nagusia izan da PSE-EE, 2009an baino 100.000 boto eta bederatzi aulki gutxiagorekin, eta zenbakiok onartzea besterik ez zitzaion geratu jarduneko lehendakariari: «Argi dago ez direla hauek guk espero genituen emaitzak, baina herritarrek hitz egin dute, eta guk errespetatzen dugu». Ikusteko dago Lehendakaritza ez ezik Eusko Legebiltzarra ere utziko duen, baina arduraz jokatuko duela hitz eman zuen: «Sozialistok gure erantzukizuna betetzen dugu, gobernuan zein oposizioan».
Irribarretsu sartu zen Lopez Bilboko Domine hotelean bozkalekuak itxi zituztenean, eta emaitza txarrek ez zioten aurpegia aldatu, txalo eta babes oihuen artean, 200 militante ingururen aurrean, balorazioa egin zuenean. Izatez, pozik agertu zen azken hiru urteotan egindako lanarekin, batik bat «ETAren mehatxurik gabe askatasun osoz» ospatutako lehen hauteskundeak izan direlako: «Gu borrokatu gara askatasunaren eta bakearen alde, eta guk lortu dugu». Gaineratu zuen «abentura sozialista» ez dela amaitu, eta Jaurlaritza sozialista gehiago egongo dela etorkizunean. Bitartean, zerbitzu publikoak eta autogobernua «defendatzen» segituko duela hitz eman zuen.
Gaur bertan bilduko da alderdiko zuzendaritza emaitzak «lasaitasunez» aztertzeko. Baina, lehen balorazioan, «bi mugimendu nazionalisten konfrontazioari» egotzi zion Lopezek «mapa politikoaren berregituraketa»: «PSE-EEk ez du lortu oinarri elektoralak neurri berean mobilizatzerik». Parte hartze baxuarekin kezkatuta ere agertu zen, «herritarren borondatea adierazteko modu bakarra izaten jarraitzen duelako politikak».
PSE-EE, «erabakigarri»
Iñigo Urkullu EAJko zerrendaburuari zoriontzeko deitu ziola aitortu zuen Lopezek. Ez zuen balizko itunik aipatu, baina bere aurretik mintzatu zirenak sozialisten eserlekuek izan dezaketen eraginaz jardun zuten. PSE-EE «erabakigarria» izango dela ziurtatu zuen Isabel Zelaa jarduneko Hezkuntza sailburuak. Areago jo zuen Alfonso Gil alderdiko antolakuntza idazkariak: «Gizarteak erabaki du gure alderdiak herri honen etorkizunean eragina edukitzea». Eta EAJri eskua luzatu zion: «Elkarrekin herri hau krisitik atera dezakegu».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Alderdien balorazioa
Emaitza txarrak onartu eta erantzukizunez jardungo duela hitzeman du Lopezek
Hiru urtean 100.000 boto eta bederatzi aulki galdu baditu ere, «lehen gobernu sozialistaz» harro agertu da Lopez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu