Emakume aitzindariak eta adinekoak omenduko ditu Emakundek Martxoaren 8an

'Zuetaz harro' lelopean, adineko emakumeek belaunaldi gazteenen ahalduntzean egindako ekarpena goraipatuko dute Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta Eudelek.

Emakunderen martxoaren 8rako kanpainaren aurkezpena
'Zuetaz harro' kanpainaren aurkezpena, gaur, Euskalduna jauregian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
marcos tedin
Bilbo
2024ko otsailaren 23a
16:30
Entzun

«Ahaldundutako emakume bakoitzaren atzean ahalduntzera bultzatu duen beste emakume bat egon da» esaldiarekin aurkeztu dute gaur Martxoaren 8rako kanpaina Eusko Jaurlaritzako Berdintasun Sailak, Emakundek, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru foru aldundiek eta Eudelek. Zuetaz harro leloaren bidez, andre aitzindariak eta adineko emakumeak ekarri nahi dituzte gogora Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira: «Berdintasunerako bideak ireki dituzten emakume anonimoak» agerrarazteko deia egin dute.

Bilboko Euskalduna jauregian egindako prentsaurrekoan, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak kanpainaren oinarrizko hiru mezu aipatu ditu: «belaunaldien arteko harremanaren garrantzia», «berdintasunaren aurrerapenean emakumeen ahalduntzeak duen funtsezko rola» eta «adineko emakumeen balorazioa». Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Jone Berriozabal Arabako Diputazioko Berdintasun, Euskara eta Gobernatzeko foru diputatua, Patricia Campelo Bizkaiko Aldundiko Berdintasun zuzendaria, Nerea Isasi Gipuzkoako Aldundiko Berdintasun zuzendaria eta Esther Apraiz Eudeleko presidentea ere izan dira agerraldian, kanpainari babesa ematen.

Zuetaz harro kanpainaren protagonistak lau emakume dira, eta haietako bakoitzak azpimarratzen du aurreko belaunaldiak zer ekarpen egin duen ahalduntzeko prozesuan. Melgosak oroitarazi duenez, «emakume anonimoak» gogora ekarri behar dira, «emakumeen ahalduntzerik gabe ez baitago berdintasunik». Jone Berriozabalek, bestalde, urteetan emakume horiek izan duten garrantzia nabarmendu du: «Ospatu nahi dugu emakumeen egungo lorpenen atzean emakume ugari izan direla historiako garai ezberdinetan. Gure aintzatespen, miresmen eta aitorpen oso eta zintzoena merezi dute emakume horiek».

Esther Apraizek kanpaina honetaz baliatu nahi izan du Euskal Herriko emakumeen historia berreskuratzeko: «Emakumeek eta borroka feministek berdintasunaren aurrerapenean egindako ekarpenak, adineko emakumeen egungo belaunalditik hasita». Patricia Campelok adierazi du erakundeek «politika feminista» egin behar dutela, eta zera gehitu du: «Horretarako, gure aurrekoek lortutakoa da gure abiapuntua».

Emakume anonimoak

«Gure konkistan lagundu duten eta ahalduntzerako eta berdintasunerako aldaketan ekarpen handiena egin diguten» emakume anonimoak identifikatzeko eta goraipatzeko deia egin du Miren Elgarrestak. Ildo horretan, kanpainiaren helburua azaldu du: «Garrantzitsua da belaunaldi ezberdinek legatua jasotzea, eta, era berean, garrantzitsua da belaunaldi gazteen ahotsa entzutea. Beraz, kanpaina belaunaldien arteko topagune bihurtu nahi dugu».

Ildo horretan, Nerea Isasik zera adierazi du: «Emakume guztiok izan ditugu inguruan ahalduntzen lagundu diguten beste emakume batzuk, eta kanpaina honek emakume horiei so egitera eta aitortza egitera gonbidatzen gaitu, haiengandik jasotako irakaspen eta aholkuez hausnartzera, eta, ahal izanez gero, haiekin partekatzera». Horrez gain, haren ustez, Zuetaz harro kanpaina «gonbidapen polita da gure amona, ama, izeba edo inguruan ditugun emakumeekin solastatzeko eta guztion ahalduntzean aurrerapausoak emateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.