Larrialdi zerbitzuek 11:45 aldera jaso dute abisua. Jakinarazi diete bere buruaz beste egin duela gizon batek Sestaon (Bizkaia), Hiru Kontzejuen plazan, bere burua leihotik behera botata.
Haren etxebizitzara igo dira poliziak, eta emakume baten hilotza aurkitu dute, Ertzaintzako iturriek BERRIAri adierazi diotenez. Labana zauriak ditu gorpuak. Lehen hipotesia genero indarkeriarena da: gizonak emakumea hil duela, eta gero bere buruaz beste egin duela.
Sestaoko Udalak bilera egin du, eta gaitzetsi egin du hilketa. Elkarretaratzera deitu du bihar eguerdirako; Kasko plazan bilduko dira. Noelia Noemi zuen izena hildako andreak, eta 32 urte zituen.
Hipotesi hori baieztatzekotan, aurten gizonen eskuetan hildako seigarren emakume euskal herritarra litzateke. Urtarrilaren 10ean, Portugaleten (Bizkaia), Elvira Lopez hil zuten, 92 urtekoa; semea atxilotu zuten. Urtarrilaren 14an, Blanca Marques hil zuten, 48 urtekoa, Burlatan (Nafarroa), eta ibaira bota zuten hilotza; hilketa aitortu zuen bikotekideak. Maiatzaren 2an, Madrilen, Raquel Lopez eibartarra eta haren semea hil zituzten; 45 urte zituen andreak; 12, semeak. Emakumearen bikotekidea atzeman zuten. Abuztuaren 24an Sofia Tato billabonatarra hil zuten Caseresen, Espainian, eta haren bikotekidea atzeman zuten. Irailaren 14an, Uztaritzen (Lapurdi) Melodie Masse hil zuten —zortzi hilabeteko haurdun zegoen—, eta 38 urteko gizon bat atxilotu zuen Poliziak.