Emakume bat hilik aurkitu dute etxe batean, Mungian (Bizkaia). Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu du gizonezko bat atxilotu dutela; hilik azaldu den andrearen bikotekide ohia da atxilotutakoa.
Hildako andreak Andina Pereira de Brito zuen izena, eta 35 urte zituen. Bi ume zeuzkan. Albiste agentziek Ertzaintzako iturriak aipatuz zabaldu dute harremana hautsi berri zutela andreak eta atxilotutako gizonak.
Genero indarkeriaren hipotesia darabil esku artean Ertzaintzak. Hori baieztatuz gero, indarkeria matxistagatik aurten Euskal Herrian hildako lehen andrazkoa litzateke Mungiakoa.
Hilotza 13:15ean aurkitu dute. Ertzaintzak azaldu du larrialdi zerbitzuan dei bat jaso dutela, esanez andre bat kordea galduta zegoela etxe batean. Anbulantzia joan da, baina ezin izan dute suspertu. Indarkeria zantzuak zituen gorputzean, eta larrialdi taldeek Ertzaintzari eman diote abisu. Itota hil dute.
Mungiako Udaleko taldeetako bozeramaileek bilera egin dute iluntzean. Bihar bilduko da osoko bilkura, 09:00etan. Protesta deialdia egin dute: 19:00etan bilduko dira plazan. Herritarrei dei egin diete herriko andrearen heriotza salatzera.
Baieztatuz gero, aurten Euskal Herrian genero indarkeriak eraginda hil den lehen emakumea izango litzateke. Iaz lau emakume hil ziren geni Bero indarkeriaren eraginez Euskal Herrian: bilbon, beste bat Laudion eta beste bat Gasteizen (urte amaieran jakin zen genero indarkeria izan zela, gizonak bere buruaz beste egin zuelako).