Emakume bat oso larri eraman zuten erietxera atzo arratsaldeko azken orduan, ustez bikotekideak emandako labankaden ondorioz. Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak BERRIAri baieztatu dionez, emakumeak oraindik larri jarraitzen badu ere, arriskutik kanpo dago.
18:45 aldera, Errenteriako (Gipuzkoa) bizilagun batek Ertzaintzara hots egin zuen, aldameneko etxean emakume bati eraso egin ziotela ohartarazteko. Berehala bertaratu ziren poliziak, eta emakumearen laguntza oihuak entzun zituzten ezkaratzetik. Inork atea zabaltzen ez zuela eta, atea bota zuten etxebizitzara sartu ahal izateko, eta erasotzailea indarrez hartu behar izan zuten mendean, betiere Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, hark aurre egin zielako.
Etxebizitzako gela batean topatu zuten emakumea, larri zaurituta. Ertzaintzak azaldu zuenez, zazpi labankada zituen biktimak. Larrialdi zerbitzuek etxean bertan egonkortu ahal izan zuten emakumea, baina oso larri eraman zuten Donostiako Ospitalera. Dagoeneko, dena den, haren bizia arriskutik kanpo dago.
Ertzainek segituan atxilotu zuten 45 urteko gizonezkoa, emakumeen aurkako indarkeria leporatuta. Gainera, ustez eraso egiteko erabili zuen labana etxean topatu zuten. Oso litekeena da atxilotua gaur goizean bertan igarotzea epailearen aurretik, Herrizaingo Sailak BERRIAri jakinarazi dionez.
Bestalde, gizonezkoak bikotekideari eraso egiten zion lehen aldia ote zen edota aurrez emakumeak haren aurkako salaketarik jarrita ote duen ez zuen baieztatu nahi izan Herrizaingo Sailak, ikertzen ari direla argudiatuta.
Haurra, Diputazioaren esku
Hilabete gutxiko haurra du bikoteak, eta ertzainek Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako arduradunei eman zieten abisua, umearen ardura har zezaten. Emakumea ospitalera eramandakoan, gizarte zerbitzuetako arduradunak berehala bildu ziren Errenteriara, eta haurra eraman zuten.
Erasoaren berri izan bezain pronto, Eusko Jaurlaritzak genero indarkeriaren biktimak laguntzeko duen zuzendaritzak erasoa gaitzetsi zuen, eta erabateko arbuioa erakutsi. Zuzendaritza biktimarekin zein haren gertukoekin harremanetan jarriko dela ziurtatu zuen, behar duten guztian laguntzeko. Gizartea kontzientziatzeko bitartekoak jarriko dituela gaineratu zuen.
Emakume bat oso larri dago, ustez senarrak labanaz eraso egin ostean
Auzoko batek eman du erasoaren berri, eta etxean atxilotu dute gizona; zazpi labankada eman dizkio, ustez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu