Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako espetxeetan 1.719 preso daude egun, eta horietatik %8 inguru dira emakumeak. Europako Batasuneko batez bestekoa %4 da. Euskal Herrian ez dago emakumeentzako espetxerik, eta, ondorioz, gizonen espetxeetako moduluetan bizi behar dute: Martutenen modulu bat dago, Iruñean beste bat eta Langraitzen bi. «Gutxiago dira, eta, beraz, apenas gastatzen duten dirurik horietan», azaldu du Larraitz Ugarte abokatuak. Gizonek baino askoz ere ekintza gutxiago dituzte, eta gehienak emakumeen rolarekin daude lotuta: jostea, ilea apaintzea... «Gizarte honek ez du aurreikusten emakume bat gaiztoa izan daitekeenik. Ez da bere rola, eta, ondorioz, delituren bat egin dutenak axolagabeak dira, eta erotzat dituzte. Helburua da emakume on bihurtzea, eta ez gizarteratzea», dio Ugartek. Horren lekuko da ez zaiela lan mundura egokitutako aukera formatiborik eskaintzen eta espetxean ordaindutako lanen bat egitea oso zaila dutela, euren ardurapean umeak izan arren.
Gehienak droga trafikoarengatik eta jabetza pribatuaren aurkako delituengatik daude preso. Euskal Herriko espetxeei buruz egindako azken azterketa 2002koa da, eta, ondorioz, egun ez dago eguneratutako daturik. Arrats eta Salhaketa elkarteek, dena den, bertatik bertara ezagutzen dute egoera, eta diotenez, %75 zigortuta daude eta gainerakoak behin-behinean daude. Erdiak behin bakarrik izan dira espetxean, eta guztiak bigarren graduan edo hirugarren graduan daude. Lautik bat etorkina da, eta gehienek ez dute ikasketarik.
Bestetik, %80 inguruk tratamendu berezia eskatzen duten osasun arazo larriak dituzte, batez ere Langraitzen: nahasmen psikikoak, droga mendekotasuna, hepatitisa, hiesa eta tuberkulosia. Modulu oso txikiak dira, zaharrak, hotzak, zikinak eta gaixotasunak erraz kutsatzen dira. Marta Aldanondo Salhaketako kideak nabarmendu du emakumeek, normalean, bisita gutxiago izan ohi dituztela eta oso ohikoa dela espetxealdiak bakarrik pasatzea. «Emakumeek errazago galtzen dute harremana ingurukoekin. Gizon bat espetxeratzen dutenean, neska-laguna, ama, lagunak joaten zaizkio bisitan. Ingurukoak zaintzeko hezi gaituzte. Gizonak, aldiz, ez». Bakarrik daude, eta horrek depresioa eta antsietatea eragiten die. Gainera, horri erantsi behar zaio lau emakumetik hiruk seme-alabaren bat dutela kanpoan. Haurrak 3 urte izan arte eduki dezakete espetxean eurekin, baina gero atera egin behar dute. Emakume askok eta askok ez dute umea norekin utzi, eta instituzioen esku geratzen dira. «Aurrena harrera familiei ematen dizkiete, eta amak ez du umearekiko eskubiderik galtzen. Espetxetik ateratzen direnean, ordea, askok ez dute ez dirurik, ez lanik, eta orduan erakundeek umea adopzioan ematen dute», azaldu du. Egoera horren jabe dira presoak, eta horrek antsietatea eragiten die.
Sexu jazarpenetatik ere ez daude salbu. Sexuaren truke, espetxeko bizi-baldintzak hobetzeko eskaintzak jasan behar izaten dituzte funtzionarioen aldetik. Langraitzen lau presok salatu zuten segurtasuneko zuzendariordea. Ez dira, ordea, kasu isolatuak. «Tarteka salaketen berri izaten dugu, baina egoera hori argitara ateratzea ez da erraza.Urrats hori egiteko, emakumeek ausardia handia behar dute, errepresaliak izaten dituztelako».
Euskal Herritik kanpora
Preso gehienak Euskal Herriko presondegietatik urrun daude. Hiru dira arrazoiak: ama izatea, lehen graduan izatea eta preso politikoek pairatzen duten sakabanaketa. Hemen ez dago amentzako modulurik, eta, ondorioz, Euskal Herritik urruntzen dituzte. Kanporatuak ez izateko, askok beren haurdunaldia ezkutatzen dute, horrek dakartzan arazo eta arriskuekin.
Oso baldintza gogorretan gauzatzen dute emakumeek amatasuna espetxean, are gehiago euskal presoek, umea xantaia egiteko erabiltzen baitute espetxezainek. Bi preso ohik euren espetxealdia kontatu dute.
«Legez umea ez dago preso, baina preso dute»
A. Solaberrieta.Espainian, legez, presoek amatasunerako eskubidea gauzatu dezakete, umeak 3 urte izan arte. Frantzian preso bat haurdun geratzeko aukera bera ere ez dute aurreikusten. Dena dela, amak espetxean izan dezake haurra, urte eta erdi egin arte. Ama guztiak Euskal Herritik urrun dituzte. Oso baldintza gogorretan hezi behar dituzte umeak, ondorioz: bitarteko gutxirekin, familia eta lagunengandik urrun, beste hizkuntza batean, eta uneren batean bortizki banatuko dituzten beldurrarekin. Gainera, euskal presoen kasuan, euren aurka egiteko baliatzen dute haurra funtzionarioek, «xantaia gisa». «Legez umea ez dago preso, baina preso dute». Nekane eta Aitorren hitzak dira -BERRIAk asmatutako izenak dira-. Euskal preso ohiak dira. Ez dira damutzen hartutako erabakiaz, nahiz eta «kontraesanak» izan. Hala dio Aitorrek: «Espetxea haurrak hezteko toki egokia ez bada ere, toki egokiena ama dagoen tokia da beti».
Epaiaren zain, kalean
Epaiaren zain zeudela hartu zuten guraso izateko erabakia, kalean. Argi zuten epaiketak ez ziela euren bizitza baldintzatuko, eta euren asmoekin aurrera egin zuten, ausart. Ingurukoek ez zuten ulertu, ordea, eta zorotzat zituzten. Nekanerentzat «oso gogorra» izan zen, une oro euren erabakia «justifikatzen» aritu behar izan zutelako.
Haurra jaio, eta hilabetera iritsi zitzaien behin betiko epaia: hiru urterako espetxera itzuli beharra. Ipar Euskal Herrira bizitzera joan ziren, baina lau hilabetera atxilotu zituzten. Aitarekin «oso jarrera bortitza» izan zuten poliziek, baina Nekanerekin eta haurrarekin tratua «nahiko zuzena» izan zen. Ez zioten haurra kendu. Horixe zen bien beldurra: haurra kentzea. Egun bat egin zuten polizia etxean, eta handik Paueko espetxera eraman zituzten.
Isolamenduan egin zituzten han lau hilabete. Bakarrik irteten ziren patiora bi orduz, eta ez zuten inorekin harremanik. Nekanek azaldu duenez, Frantziako Estatua ez da kargu egiten umeez, eta, ondorioz, espetxeetan ez dago ezer eurentzat: ez sehaskarik, ez janaririk, ez jostailurik, ez osasun laguntzarik eta ez ezer. Ur berorik ere ez zuten, eta ziegan zuten su txiki batean berotzen zuen ura, umea bainatzeko. Gogoan du alabaren lehenengo Olentzeroko oparia: komuneko papera. «Papera apurtzen primeran pasatzen zuen. 22 ordu egiten genituen ziegan, eta jolas eta abesti guztiak amaitzen zaizkizu».
Larunbatero ateratzen zuen umea kalera aitona-amonekin, eta «poz-pozik» itzultzen zela dio Nekanek: «Amari argi esan nion: 'Egunen batean haurrak ez badu itzuli nahi, ez behartu eta zuek eraman Euskal Herrira'». Ez zen, ordea, inoiz halakorik gertatu.
2003ko apirilaren 29an Espainiaratu zituzten hirurak. Madrilgo Soto del Real espetxera eraman zituzten, amen modulura. Hasieran alaba beldurtu egiten zen beste haurrak ikustean. «Bera isolamendutik zetorren, eta ez zuen besterik ezagutzen». Nahiko «ondo» egon ziren han. Ez zuen, ordea, askorik iraun, izan ere, sakabanaketaren hatzaparrak harrapatu zituen: bi hilabetera, Granadara. Hara iristen zen lehen euskal presoa zen Nekane, eta eurekin «oso jarrera bortitza» izan zuten espetxezainek. Haurra bera ere sarritan baztertzen zuten: «Beste umeei gozokiak ematen zizkieten, eta nireari inoiz ez. Umeak ez zuen ulertzen». Aita hamar egunera eraman zuten.
Berrogei graduko bero sapa eginarren, lehen astea urik gabe pasatu zuten. Ziega oso zikina zegoen, eta garbigarriak lortzeko arazo ugari izan zituzten. Modulu arrunta da Granadakoa: «Porlana eta ume asko jolasean». Modulua ez dago umeentzat egokituta, eta ez dago pediatrarik, besteak beste. Zazpi hilabete pasatu arte ez zioten baimendu umea kalera ateratzea. «Dena zen ukazioa». Nekaneren gurasoek hiru egun behar izaten zituzten alaba eta biloba ikusteko. Hamabost egunean behin joaten ziren. «Hondartzara eramaten zuten, etxeko janaria eman, medikuarengana eraman... Kalea ezagutuko ez banu bezala kontatzen zidan ikusitakoa: 'Animaliak daude, eta pilarik gabe ibiltzen dira'». Aitarekin hilabetean behin egoten ziren. «Espetxearentzat aitaren figura ez da existitzen», dio Aitorrek. Haren esanetan, edozein aitak, umea kanpoan edo barruan izan, antzera bizi du aitatasuna: «Apenas ikusten duzun umea, eta zerbait galtzen ari zaren sentipena duzu».
Umea ateratzeko unea
Unerik gogorrena umea ateratzeko unea iritsi zenean izan zen bientzat. «Beti ari nintzen topatzen aitzakiaren bat, une hori atzeratzeko», dio Nekanek. Alabarentzat are gogorragoa izan zen: kaleratzea «zigor gisa» hartu zuen. «'Ona izango naiz, eta erretiluko guztia jango dut. Ama, utz nazazu hemen', esaten zidan».
Euren esanetan, ingurukoak eta, oro har, gizartea ez dago prestatuta espetxeko umeak jasotzeko. «Beste beldur eta gabezia batzuk dituzte. Esaterako, telefonoz hots egiten genuenean esaten zigun: 'Amamaren etxea izugarri handia da. Etxe bat jateko eta beste bat lo egiteko dauka'. Edota: 'Amamak armairu zuri magiko bat dauka. Irekitzen duzu, eta ur hotza dauka'. Berak ez zuen ikusi inoiz hozkailu bat».
Urtebetera atera zen Nekane. Pentsatzen zuen kosta egingo zitzaiola alabaren konfiantza berreskuratzea. Valladolideko atean zuen zain: «Ikusi orduko, musukatu eta ez zen banatu niregandik». Bi hilabetera askatu zuten Aitor, eta hasieran aitaren figura onartzea kosta egin bazitzaion ere, zoriontsu dira orain, bizitza berri batean murgilduta. Nekanek argi du: «Pribilegioa izan da niretzat haurrarekin egotea. Umearekin lortu dudana kalean ez nuke lortuko. Asko ikasi dugu elkarrekin».