Saenz de Samaniegok Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxe lagundu zuen, atzo, Gasteizen, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egindako jardunaldian.Saioan emandako informazioen arabera, gaur egun emakumeak jabeak dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ustiategien %26n eta %21ean beraiek ere ageri dira titulartasunean. Alde nabarmena dago herrialdeen artean: Gipuzkoan oso emakume gutxi dira jabe, eta, Bizkaian, berriz, askoz gehiago.Ibarretxek «neurri jakinak» agindu zituen, «emakume barik ez baitago nekazaritzarik, ez abeltzaintzarik, ezta lehen sektorerik ere».
«Parekotasuna» zainduko duen erregimenaren alde
Jardunaldiaren ardatzetako bat izan zen Europako aditu eta soziologo Brigitte Bicheren hitzaldia. Emakumeak landa eremuan lan egiterakoan izaten dituen oztopoak azaldu zituen: «Emakumeak ez dira itzuliko ustiategietara nekazaritza enpresek laneko antolakuntza aldatu eta emakumeei parekotasuna zainduko duen erregimen juridikoa eskaini ezean».
Bicheren irudiko, ezinbestekoak dira «hobekuntzak» baserriko emakumeak pairatzen duen «bazterketa» gainditu ahal izateko. «Landa eremuaren eta hiriaren arteko aldeak lausotuz doazen arren, badaude oraindik ezberdintasunak zerbitzuei dagokienez, esate baterako», adierazi zuen Europako Gizarteko Funtseko kideak.
-TESTIGANTZA
«Hirian, lana bukatuta, aisialdia dago, baina landan batera doaz bizimodua eta lana»
Atzoko jardunaldiak txosten mardula eskaini zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako landa eremuan bizi diren emakumeen egoeraz. Lanaren ondorioetako batek dio emakume gazteek Ðegun daudenen alabek nahiz kanpotik joandakoekÐ «gogo gutxi» daukatela landa eremuan aritzeko. Ez da hori Isabel Loidi gaztearen kasua. Portugaleten (Bizkaia) jaioa, Historia ikasi eta familian batere tradiziorik ez bazuen ere, landara bizitzera nahiz lan egitera jo behar zuela erabaki zuen nekazaritza ekologikoari buruzko ikastaro batzuk egin ondoren.
«Lagunak eta biok erabaki genuen ustiategi txikiren bat jartzea, eta bila hasi ginen Bizkaia osoan, baina lurrak prezio itzela zuela eta, Euskal Herritik kanpora joatekotan izan ginen», aitortu dio berriari. Egungo arazo nagusia «landa eremuko lursailen espekulazio bortitza» dela ikusi zuten, baina bi urteren ondotik, Galdamesen bost hektareako lursail bat aurkitu zuten. Ortua dute, eta lanean dihardute buru-belarri, artean baserriko sarreran zakuetan lo egin behar badute ere. «Gero eta jende gehiago ari da baserrietara jotzen, emakume zein gizon. Nire ustez, asko eta asko nazkatuta gaude hiriarekin», esan du ziurtasunez. Eta zer esan baserriko lan astunaz? «Lana askoz gogorragoa da hiriren batean duzuna baino. Hortxe dago alde handia: hirian, lana amaituta, aisialdia dator; landan ez daude horren ondo zehaztuta, eta batera doaz bizimodua eta lana... Baina merezi du, bai!».Baserriko emakumeak «lan guztiak egiteko nahikoa ordu» ez dituela badaki, dena den. Familia zaindu behar izateaz gain, nekazal jardueraren hainbat kontutan ere «erantzukizun gehien duena» dela dio. Baina bost axola zaio. Pozik dabil Galdameseko etxean.