Emakumeak gehiago dira zerrendetan; hala izango dira Eusko Legebiltzarrean?

Eusko Legebiltzarrean leku bat izateko borrokan ari diren alderdien zerrendetan emakumeak dira nagusi, baina goi postuetan banaketa estuagoa da sexuari dagokionez.

Eusko Legebiltzarra, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Eusko Legebiltzarra, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko martxoaren 28a
05:00
Entzun

Argitaratu dituzte Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako behin betiko zerrendak EAEko Aldizkari Ofizialean. Hala, ofizialak dira horietako kideen izen-abizenak ere. Talde nagusiei erreparatuz gero, emakumeen presentzia handiagoa da ia zerrenda guztietan, baina hori ez litzateke hain modu nabarmenean islatuko Eusko Legebiltzarrean. EITB Focusen azken inkestak aurreikusitako emaitzak gauzatuko balira apirilaren 21ean, parlamentua 38 emakumek eta 37 gizonek osatuko lukete. Izan ere, oro har emakume gehiago ageri diren arren, goi postuetan aldeak ez dira handiak.

EAJn, hiru zerrendaburuetatik bi gizonezkoak izango dira: Imanol Pradales lehendakarigaia eta Joseba Diaz Antxustegi. Horiekin batera, Eusko Legebiltzarreko presidente izateko hautagai Bakartxo Tejeria da hirugarrena. Hortik haratago, EAJren hiru zerrendetan bera da banaketa: hamahiru emakume eta hamabi gizon. EITB Focusek argitaratutako emaitzak errealitate bilakatuko balira, baina, gizonezko kopurua handiagoa izango litzateke EAJren talde parlamentarioan: hamalau edo hamabost lirateke gizonezkoak, eta hamahiru emakumezkoak.

EH Bilduri dagokionez, berriz, zerrendetan 34 gizonezko eta 41 emakume ageri dira. Bi dira zerrenden lehen postuan diren emakumeak ere: Imma Garrastatxu eta Nerea Kortajarena; hirugarren zerrendaburua Pello Otxandiano lehendakarigaia da. Hala, EITB Focusen iragarpenen arabera, sexu aldetik parekatuagoa litzateke taldea: hamahiru edo hamalau gizonezko eta hamalau emakume.

PSE-EEren eta PPren zerrendetan bera da gizon eta emakume kopurua: bakoitzean 37 andre eta 38 gizon. Hortik aurrera, baina, banaketan badaude aldeak. Sozialisten hiru zerrendaburuetatik bi gizonezkoak dira, eta, inkestaren araberako eserleku banaketa eginez gero, sei lirateke Euso Legebiltzarrean leku bat izango luketen gizonezkoak, eta bost emakumeak. PPri dagokionez, berriz, bi gizon bat eta bi emakume daude irteera postuetan. Horiek ez ezik, beste hiru emakumek eta gizonezko batek ere lortuko lukete parlamentari izatea, EITB Focusen arabera.

Ezker konfederal deritzon esparru politikoan ere gehiago dira emakumeak zerrendetan. Elkarrekin Podemos-Aliantza Berdea koalizioan, 43; Sumarren, 38. Bi kasuetan, gainera, lehendakarigaiak ere emakumeak dira; beste bi zerrendaburuak, berriz, gizonak. EITB Focusen arabera, esparru horrek eskuratuko lituzkeen eserlekuak Elkarrekin Podemosentzat lirateke: Miren Gorrotxategirentzat eta Juantxo Lopez de Uralderentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.