Bizkaia Zubian egin du mugimendu feministak Euskal Herriko gaurko lehen balorazioa. Hainbat emakume elkartu dira Portugaleten (Bizkaia) Ezkerraldetik Eskuinaldera etxeko eta zaintza lanak egitera joaten diren emakumeei erreferentzia egiteko, askok ezingo dutelako gaur grebarik egin, eta han, festa giroan, gaurkoa egun historikoa izango dela iragarri dute. Horregatik emakumeak animatu ditu modu batera edo bestera grebarekin bat egitera, gaur emakumeek lehen aldiz gelditzeko deialdia jaso dutela azpimarratuz baina grebarekin modu batera edo bestera bat egiteko eskatuz.
"Gaur emakumeok gelditzen gara ikustarazteko gu gabe mundua eten egiten dela. Argi dago bihartik aurrera mundua berriro martxan jarriko dela eta gure bizitzek arriskuan jarraituko dutela. Hori dela eta, egun hau eta gero ezin da beste leku batera begiratu. Diskurtsoetatiak ekintzetara pasa behar da", adierazi du Gandariasek.
08:30ean egin dute balorazio hori, eta 09:00etan Ibaizabal zeharkatu du mugimendu feministak Bizkaiko Zubian. Leku hori zergatik aukeratu duten azaldu du Gandariasek. "Hemen greba klasikoak ahazten dituen emakumeak gogora ekarri nahi ditugu. Ezkerraldetik hainbat emakume langile eskumaldeko etxeetara lan egitera joaten diren emakumeak aitortu nahi ditugu. Euren lana ikusarazi nahi dugu, lan baldintzak salatu eta euren aldarrikapen eta borrokak gure egin".
Itziar Gandarias mugimendu feministaren ordezkariak esan du goizean goizetik emakumeak modu masiboan ari direla deialdiari erantzuten. "Oso pozik gaude, uste dugulako egun hau inflexio puntu bat izango dela. Gaur mundua geldituko dugu, bihar ezingo da beste alde batera begiratu", adierazi du hedabideen aurrean.
Gandariasek herri eta auzo askotan jada burutzen ari diren ekitaldiak nabarmendu ditu, ehun baino gehiago azaldu duenez. Beste batzuen artean aipatu ditu atzo egin ziren lapiko jotzeak. Iruñean jendetsua izan zen. Baionan, berriz, bertso poteoa egin zuten.
Gandariasek azaldu duenez, Gasteiz kartelekin apaindu dutela nabarmendu du, Bilbon kalejira bat egingo dela 11:00etan eta Donostian ordu berean bizikleta martxa bat egingo dutela.