Emakumeen aurkako indarkeriaren kontra, elkarlana

Informazioa trukatzeko hitzarmena sinatu dute Emakundek eta Genero Indarkeriaren Biktimen Zuzendaritzak

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Genero indarkeriaren biktimek egindako kexa, iradokizun eta proposamenak trukatzeko akordioa sinatu dute Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Zuzendaritzak. Zuzendaritzak sortu zenetik Emakunderekin harreman «estua» izan duen arren, hitzarmen berriak elkarlan hori «indartu eta zehazteko» helburua duela jakinarazi du Jaurlaritzak.

Elkarlan horrek hainbat eremutan eragingo du. Alde batetik, genero indarkeriaren biktimen iradokizunak elkarren artean jakinarazteko bidea ezarri dute. Horrez gain, Zuzendaritzak Berdintasun Legearen urraketa kasuen berri jakinaraziko dio Emakunderi, azken horrek hartu beharreko erabakiak har ditzan.

Bestetik, Emakundek Zuzendaritzari jakinaraziko dizkio Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udal eta aldundiek genero indarkeriaren kontra lan egiteko sinatzen dituzten protokolo guztiak. Plan eta protokolo horien aldikako ebaluazioen emaitzak ere jakinaraziko dizkio.

Emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko sentiberatze kanpainak ere egingo dituzte elkarlanean. Emakumeen aurkako indarkeria motak eta horiek bukatzeko ikerketak ere bultzatuko dituzte.

Arabako Berdintasun Plana

2010 eta 2014 biartean indarrean egongo den Berdintasun Plana onartu zuen Arabako Foru Aldundiak atzo. Plan horren helburu nagusia genero ikuspuntuari garrantzi handiagoa ematea da, aldundiak abiarazten dituen ekimen guztien barruan sar dadin.

Arabako Foru Aldundiaren hirugarren plana da, eta azken hiru urteetan egindako gogoeta eta ikerketa prozesu baten ondorio dela azaldu du Covadonga Solaguren Gizarte Politikarako diputatuak. «Bidean izan ditugun zailtasunak aztertu ditugu, eta sortu diren eremu eta behar berriei erantzuteko moduak».

Aldundiaren planak hiru ardatz nagusi dituela azaldu du Solagurenek. Aurrez ezarritako balioen aldaketa eta emakumeen jabekuntza bultzatzea, ardurak partekatzen dituen gizartea sustatzea eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurka lan egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.