ALARDEA

Emakunde: "Elkarrizketa da Hondarribian elkarbizitza, errespetua eta berdintasuna bermatzeko bidea"

Herriko jaiak dituzte Hondarribian, eta bihar egingo dute festetako ekitaldirik esanguratsuenetako bat: alardea. Emakundek elkarrizketa prozesua bultzatzera deitu ditu udal ordezkariak.

Hondarribiko Jaizkibel konpainia, iazko alardean, plastiko beltzen artean desfilatzen. JON URBE / ARGAZKI PRESS
Maialen Unanue
2016ko irailaren 7a
09:07
Entzun

Irunen (Gipuzkoa) gertatzen den gisara, ez dute giro samurra izaten alardean parte hartzean andre eta gizonen modu parekidean egiten dutenek. Emakundek ohar bat bidali du Hondarribikoaren (Gipuzkoa) bezperan, Jaizkibel konpainia parekideari babesa emateko. Horrez gain, urteetan iraun duen auzia konpontzeko deia ere egin du: "Elkarrizketa da bide eraginkorrena slardearen inguruan Hondarribiko herrian batasuna berreskuratzeko, haustura soziala gainditzeko, eta errespetuan eta emakume eta gizonen arteko berdintasunean aurrerapausoak emateko". Erakundearen ustez, "ezinbestekoa" da hori, eta gogoratu du herriaren gehiengoak erakunde publikoei eskatzen diela jarrera aktiboa izan dezatela konponbide batera heldu ahal izateko. Alde horretatik, udal ordezkariak elkarrizketa prozesua bultzatzera deitu ditu.

Azpimarratu duenez, "gero eta herri gehiago" dira, herritarren laguntzarekin, euren tradizioak egokitu dituztenak, eta aurrerapauso hori ematera deitu ditu Hondarribiko Udala eta herritarrak. "Testuinguru jakin batean sortzen dira tradizioak, baina eboluzionatu egin behar dute garai berrietara egokitzeko. Horrek ez du tradizioen kontra egitea suposatzen, aberastea baizik, emakume eta gizonei eskubide berberak emanez".

Emakundek, aurreko urteetan egin bezala, harrera egingo dio alardeari udaletxeko arkupean: han izango dira Izaskun Landaida zuzendaria eta Ana Alberdi idazkari nagusia. "Herrian bihar jai giroa eta errespetua nagusi izatea espero dugu". Behin betiko konponbidearen alde lan egingo dutela nabarmendu dute: "Elkarrizketa, elkarlana eta akordioa dira arazo hau konpontzeko tresnak, eta, hain justu, tresna horiek erabiltzen jarraituko du Emakundek, orain arte egin duen bezala".

Gazte Abertzaleak: "Egoera anormal baten normalizazioa gertatu da urte hauetan"

Gazte Abertzaleek ere oharra bidali dute, Jaizkibel konpainiaren 20 urteak zorionduz eta bizi duten egoera salatuz. "Egoera aldatu dela esan arren, egoera anormal baten normalizazioa gertatu da urte hauetan. Normalizatu egin dira irain eta deskalifikazioak, normalizatu herriaren bihotzean sortutako zauria, normalizatu beste batzuen iritziekin desados egotean plastiko beltzak jartzea eta normalizatu ere baimen eta traba juridikoak jartzea bai desfilatzeko baita entseguak egiteko ere".

Instituzioei "inplikazioa" eskatu diete, "bai herrigintza eta baita estatugintza feminista" bultzatzeko. Gazte Abertzaleek, Emakundek bezala, jakinarazi dute udaletxeko arkupeetan izango direla, "babes aktiboa" emateko Jaizkibeli.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.