Emakundek baliabide gehiago jarriko ditu gizonek berdintasunaren alde egin dezaten

Gizonduz programaren aurrekontua %59 handituko dute: prestakuntza eta sentsibilizazio programak landuko dituzte, bereziki, gazteen artean.

Gizonduz programan parte hartu duten bi gizon, Nerea Melgosa sailburua eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaia, gaurko agerraldian. IREKIA
Gizonduz programan parte hartu duten bi gizon, Nerea Melgosa sailburua eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, gaurko agerraldian. IREKIA
nerea intxausti
2024ko otsailaren 12a
16:40
Entzun

Emakundek Gizonduz gobernu programaren aurrekontua %59 handituko duela jakinarazi du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak. Gizonduz gizonekin eta maskulinitateekin lan egiteko berdintasunaren aldeko programa da. Gazteengan jarriko dute arretagunea: adingabeekin lan egiten duten profesionalak heziko dituzte, eta jokabide matxista problematikoak dituzten eta jarrera horiek aldatzeko prest dauden gizonekin proba pilotu bat egingo dute, besteak beste.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak azaldu du erabakiak «berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka konprometituta» dauden gizonen kopurua handitzeko asmoa duela, bereziki gazteengan eta lidergo postuetan daudenengan. Agerraldian izan dira Gizonduz-eko prestakuntza ekintzetan parte hartu duten bi gizon, eta prestakuntza horrek euren bizitzan eta lanean izan duen eragin positiboa azaldu dute. 

Gizonduz programaren aldeko erabakia bultzatu dute, Melgosaren hitzetan, «desberdintasuna eta genero indarkeria ukatzen duten joera neomatxistek»; gazteengan bereziki eragin dutela deitoratu du. Sailburuak gaineratu du Berdintasunerako Lege berriak gizonei zuzentzen dizkien ekintza planek lagundu dutela Gizonduz garatzen. Orain arte «nahikoa esplotatu gabeko» alorra landuko dela ere nabarmendu du. Bide batez, ziurtatu du sentsibilizazioan eragiten denean emaitzak lortzen direla. 

Bereziki etxeko lanetako eta zaintza lanetako erantzukizuna parekatu nahi dute, eta haietan jokabide matxistak dituzten gizonei arreta eman. Elgarrestak esan du maskulinotasun tradizionala edo patriarkala zalantzan jartzeak, emakumeei ez ezik, gizarte osoari ere egiten diola mesede, gizonei bidea ematen baitie beren nortasuna «modu integralagoan eta genero estereotipoetatik kanpo» bizitzeko. 

Melgosak ziurtatu du gizonekin lan egiteak berdintasunerako bidea errazten diela emakumeei. Ontzat jo du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zer bilakaera izan duen gizonek zaintzari eta etxeko lanei eskainitako lanaren ehunekoak —2007an %28 izan zen, gaur egun %33 da—, eta zenbat gizonek eskatu duten eszedentzia seme-alabak zaintzeko —2007an %5ek, gaur egun %14k—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.