Lan esparruan emakumeen eta gizonen artean dauden desberdintasunak sendotu egin dira krisi ekonomikoaren ondorioz, Emakunderen 2011ko txostenak agerian utzi duenez. Maria Silvestre zuzendariak atzo Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako datuen arabera, ezkutuko lan merkatuak emakumezko aurpegia du: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontraturik gabe lan egiten duten hamar lagunetik bederatzi andrazkoak dira; hain zuzen, iaz 16.400 emakume egon ziren egoera horretan.
Halaber, oraindik ere andreak dira gehiengoa lanaldi partziala daukatenen artean: %82,3. Genero desoreken adierazletzat hartzen da zifra hori, besteak beste, zaintza eta etxeko lanetan jardun ahal izateko eskatzen dutelako andre askok lanaldi laburragoa. Bada, Espainiako Gobernuak urte hasieran onartutako lan erreformak kalte egingo die emakumeei, Silvestrek ohartarazi duenez: «Seme-alaben zaintzarako lanaldia murriztuta duten batzuek dagoeneko arazoak dituzte lan esparrua eta bizitza pertsonala uztartzeko».
Denboraren erabilerari buruzko datuak bat datoz baieztapen horrekin. Enpleguari bideratzen ez dioten denbora batik bat zaintzan eta etxeko lanetan ematen dute andreek; eta aisian, gizonek. Adibidez, kirol gehiago egiten dute gizonek: adin tarte guztietan, gutxienez %57k egiten dute kirol jardueraren bat; aldiz, emakumeek 15 eta 25 urte arteko tartean soilik gainditzen dute %50eko langa. Jarduera fisiko murritzak osasunean eragiten duela gogorarazi du txostenak.
Lan merkaturako jauzia
Edonola ere, lehen etxean lan egiten zuten andre batzuek lan merkaturako saltoa egin dute krisiaren ondorioz. Hala ondorioztatu du Emakundek, jarduera tasari erreparatuta: lan egiteko adinean dauden emakumeen %48,3 lanean edo lan bila ari dira; 1995ean %41,3 ziren. Etorkinei dagokienez, zifra handiagoa da: %70,7. Silvestreren arabera, datuok atzerritarrei buruzko «estereotipo faltsua» hautsi dute.
Dena den, gizonen jarduera tasa handiagoa da oraindik ere: %64. Genero hesia txikiagoa da gizon-emakume gazteen artean; batez ere, goi mailako titulurik badute, «antzeko proportzioan sartzen baitira lan merkatuan». Baina amatasunak joera hori mozten du: lan merkatutik ateratzeko arrazoi nagusia zaintza eta etxeko lanak dira emakumeentzat, eta, aldiz, «bizi zikloa», gizonentzat. Izatez, haurrak zaintzeko lanaldi murrizketei lotutako diru laguntzak jasotzen dituztenen %93,3 andreak dira, eta ez dago joera aldaketarik, Silvestreren arabera: «Etxearen eta familien zaintza gure gain hartzen dugu emakumeok, eta horrek aukera desberdintasuna sakontzen du».
Oraindik ere soldatetan antzeman daitezke desberdintasun horiek. Azken urteotan aldea gutxitzen ari den arren, emakumeek gizonek baino 6.387,45 euro gutxiago kobratu zuten 2009an, batez beste, Espainiako Estatistika Institutuaren datuen arabera.
Sektore, ogibide edo lanpostu beraren barruan ere nabarmena da genero hesia. Esaterako, zerbitzuen alorrean gizonen saria handiagoa izan zen 2008an (27.285 euro), nahiz eta emakumeak (21.376 euro) gehiengoa diren sektorean. Are agerikoagoa da ardura postuetan: 2003an, 29.228 euroko soldata izan zuen batez beste zuzendari kudeatzaile gizonezko batek, eta 13.229 eurokoa, andrazko batek.
Indarkerian, gazteak
Emakumeen bazterketaren ondorio latzena indarkeria matxista dela gogorarazi du Maria Silvestrek. 2010eko zifrak erabili ditu, bikotekide eta bikotekide ohiek andreen aurka egiten duten bortizkeriaren argazkia ateratzeko: biktimen %30ek 18 eta 30 urte artean zuten; eta %29k, 31 eta 40 artean. Erasotzaileen adin tarte handiena, berriz, 31 eta 40 urte artekoa zen (%34), eta bigarrena, 18 eta 30 artekoa (%26,6). Datuon arabera, jaiegunetan lanegunetan baino eraso gehiago gertatu ziren, eta Ertzaintzari jakinarazitako kasu gehienetan biktimak berak jarri zuen salaketa.
Emakunderen arabera, kontratu gabeko langileen %90 andreak dira
Zaintza emakumeen ardurapean geratzeak desberdintasunak sakontzen dituela esan du Maria Silvestrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu