Enrique Goñi Nafarroako Kutxako zuzendari ohiak gaur epaitegian deklaratu du Santiago Cerverak bi jarrera izan zituela aurrezki kutxarekiko: 2009ra arte, "dena goraipamenak eta gorazarreak" ziren eta hori egiaztatuko luketen gutunak dituela aipatu du. 2009tik aurrera, ordea, CAN kritikatzen hasi zela esan du.
Goñiren arabera, CANek Cerveraren Monica Ridruejo emazte ohiari kontratu bat ez berritu izana izan zen kritiken sorburua. CANek kontratu bat egin zion Ridruejori 2008ko martxotik 2009rako otsailera, baina ez zuen luzatu. “Bakoitzak nahi duena interpretatu dezake, baina bere eragina izan zuen. Kontratua berritu izan bagenio, ez zukeen Nafarroako Kutxaren aurka joko", esan du.
Cervera Nafarrako Kutxaren aurka kritikak egiten hasteak aurrezki kutxa barruan tentsioak eragin zituenik ukatu du Goñik. Defentsak galdetu dio ea "Gobernuko presidente batek" [Miguel Sanzek] kereila bat aurkeztearekin mehatxu egin zion, eta ezezkoa erantzun du: "ez dut gogoan". Era berean, aipatu du Cerverari buruz ez zela hitz egiten administrazio kontseilu barruan eta gobernu organoetan. Bere inguruako "txosten berezirik" egin ote zen galdetuta, ondokoa erantzun du: “Nik dakidala, ez da egia”.
Kotxeen jarraipena eta beste
Bestalde, Eloy Villanueva PPko parlamentari ohiak adierazi du, gertaerak gertatu aurretik, Santiago Cerverak esan ziola bere Madrilgo etxetik gertu kotxe batzuek jarraitzen ziotela. “Horri buruz egiaztatu genuen”. Villanuevak "pertsonaren bat" gomendatu zion egiaztatze hori egiteko.
Villanueva "mindu" egin zen Cerverak komunikabideetan salatu zuelako bera tranparen atzean zegoela. "Nirekiko bidegabea izan dela deritzot. Hala ere, defentsak gezurra esatea ahalbidetzen duenez, hori estrategia prozesalaren parte dela ulertzen dut". Hala, gezurtatu egin du Cerverari tranpa jarri izana.
Gaur amaitu dira Cerveraren kontrako epaiketako deklarazioak. Froga perizialak egin ondoren, aldeek euren tesien azken defentsa egin eta azken epaiaren zain geratuko da auzia.