Eloy Alvarez Pelegry. Orkestrako Energia Katedrako burua

«Energia alternatiboak ohiko erregaiekin biziko dira, eta guztiak hobetu»

Bidaiari garraioan bestelako energiak erabiltzea gomendatu du txosten batean Orkestrak, ohiko erregaiek eragiten duten kontsumoa eta igorpenak murrizteko. Nabarmen barneratu nahi dituzte merkatuan.

-.
Bilbo
2017ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Deustuko Unibertsitateko Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko Energia Katedrak txosten bat osatu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bidaiarien garraioa aztertuta. Izenburu hau du: Bidaiarien garraiorako energia alternatiboak. Eloy Alvarez Pelegry ingeniari eta ekonomialaria da Energia Katedraren zuzendaria, eta txostenaren gako nagusiak azaldu ditu.

Txostenak dio garraioa eraldatzea oinarrizkoa dela, zergatik?

Bi arrazoi nagusi daude. Batetik, ibilgailuen igorpen kutsakorrak murriztea tokiko esparruan; bestetik, ekarpena egitea berotegi efektuko gasen igorpenak murrizteko. Lehenak eragin handiagoa dauka gure inguruan, eta bigarrenaren eragina, berriz, orokorragoa da.

Zure iritziz, badago nahikoa petrolio garraioa hornitzeko, baina txostenak aipatzen du hura erabiltzeari uko eginez joan behar dela. Beraz, zergatik?

Gure ikerketan, argi geratu da petroliotik eratorritako gaiek betekizun garrantzitsua izango dutela garraioan aurrerantzean ere, eta teknologia eta energia desberdinak aldi berean erabiliko direla. Energia alternatibo batzuek dauzkaten ingurumen eta diru abantailak direla eta, mota horretako ibilgailuek progresiboki indarra hartuko dute —elektrizitatea, GLP edota gas natural konprimatua—. Ibilgailu horien kopurua %1 azpikoa da, eta, beraz, ezin dezakegu itxaropenik sor eraldatzea gauetik goizera gertatuko dela; ezin dezakegu esan egungo energiak desagertuko direnik. Pentsatu behar dugu ohiko energiek, gasolioak eta gasolinak, asko murriztu dituztela CO2 eta NOX igorpenak erregulazio hobekuntzei esker, eta hobetzen jarraituko dutela. Beraz, merkatuan jarraituko dute.

Zein da erronka nagusia?

Ikuspegi orekatu batekin, energia alternatiboak gehituz joatea ahalbidetuko duen plana indartzea. Ikerketaren bidez ondorioztatu da ez dagoela konponbide bakarra helburu guztietarako, hainbat energia aldi berean erabiliko direla. Arrazoi desberdinak direla medio, daukaguna hobetuko da ingurumen eta teknologia aldetik, eta berritasunek lagunduko dute etorkizunean bestelako garraio mota bat izaten.

Ohiko erregaiak erabiltzen dituzten ibilgailuak guztiz ordezkatuko dira?

2035. urtera arteko azterketa egin dugu. Zaila da kalkulu fidagarriak egitea, baina uste dugu ordurako ohiko erregaien erabilera gutxituko dela eta beste energia batzuena handituko dela: elektrizitatea, gasa eta GLP. Bioerregaiak ohiko energien barruan sartuta daude. Egoeraren arabera, energia alternatiboak gehiago edo gutxiago barneratuko dira, baina ohiko erregaiekin biziko dira, eta guztiak hobetuko dira.

Batez ere, ibilgailu hibrido eta elektrikoak eta gasa aipatu dituzue. Horiek nagusituko dira?

Nazio mailako ekinbide esparruak gas naturala, GLP eta elektrizitatea energia alternatibo gisa dauzkanez, normalean, analisietan horiek hartzen ditugu aintzat. Baina ohiko hibridoek eraginkortasuna —eta, hein batean, autonomia— hobetzen dute, eta, gure ustez, garrantzia daukate, eta gehiago sartuko dira merkatuan. Halere, esan bezala, ohiko erregaiak ere erabiliko dira.

Zer gas mota dira GLPak?

Petrolioaren gas likuatuak dira, eta CO2 igorpen jakinak murriztea ahalbidetzen dute. Gure herrian, findegi bat daukagu, eta, beraz, etorkizunerako gai garrantzitsua da. Azterketan ez dugu esan GLP desagertuko denik; alderantziz: GLP garraiorako energia alternatibotzat hartzen da. Abantaila dauka, badaukalako azpiegitura, eta ibilgailuak egokitzea gutxiago kostatzen delako. Gainera, CO2 igorpen maila funtsean hobetzen da. Ezinezkoa da esatea 2020an edo 2025ean erabiliko diren energia kopuruak zeintzuk izango diren, baina uste dugu energia alternatiboak egongo direla.

Azpiegitura aipatu duzu. Energia alternatiboek ere beharko dituzte ibilgailuak egiteko tokiak edo kargatzeko guneak?

Energia batzuek badaukate nolabaiteko azpiegitura; beste batzuek, ez. Ibilgailuen autonomiaren arabera, kargatzeko gune gehiago edo gutxiago beharko dute. Gainera, horietarako ereduak ere eragina izango du: izan litezke etxean kargatzekoak eta errepideetan ere egon beharko lirateke. Hartara, abantailak dauzkaten energiak merkaturatuz joan ahalko dira, garraio sistema hobetzeko.

Horretarako beharrezkoak izango dira administrazioak?

Administrazioak inplikatzea garrantzitsua da. Txosten honen aurkezpenean, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak eta Energiaren Euskal Erakundeak parte hartu zuten. Horrek erakusten du euren erabakia auzi honi heltzeko. Dagoeneko ekiten ari dira: erakundeen politikek asmoa daukate garraioan petrolio produktuen kontsumoa eta CO2 igorpenak murrizteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.