Energiaren autobideak, ezbaian

Nafarroa eta Araba artean 400 kV-eko goi tentsioko linea egiteko korridoreak aztertzen hasi dira, eta bizilagunen eta erakundeen kritikak piztu dituzte asmo horiek.

Jon Rejado.
2008ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Elektrizitatea sortzeko hamaika egitasmo dago Araban eta Nafarroan. Castejongo zentral termikoak eta horien zabaltzea, Lantarongo ziklo konbinatuko zentral termikoa, Araban egin nahi diren parke eolikoak (Arkamu, Perriain eta Iturrieta), Garoñakozentral nuklearra(Burgos-Espainia). Ordea, egitasmo horiek ez datoz bakarrik. Argindarraren garraioa errazteko helburua duen goi tentsioko linea baten egitasmoak -Gasteiz eta Muru Artederreta (Nafarroa) artean- kritikak eragin ditu ekologista eta herritarren aldetik.

Red Electrica de España enpresak (REE), egitasmoaren arduradunak, goi tentsioko linea «Nafarroa eta EAE elkarrekin lotzeko funtsezkoa» izango dela deritzo. Sare horren helburuen artean Nafarroako parke eolikoek sortzen duten energiaren gaindikina Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sarera bideratzeko helburua izango du, besteak beste. Dena den, elkarrekin lotze hori baino harago doan helburua dagoela deritzote linearen kontra dauden taldeek. Gasteiz-Muru Artederreta lineak Castejonera jarraitzen du -datozen hilabetetan bukatuko da linea hori-, eta, bertatik, Aragoitik (Espainia), Herrialde Katalanetara heldu arte. Sare horrek edozein txokotan sortzen den gehiegizko argindarra edonon saltzeko helburua erraztu nahi duela uste du linearen aurka dagoen plataformak.

Muru Artederreta eta Gasteiz arteko goi tentsioko linearen aurka dauden taldeen ustez ez da beharrezkoa egungo energia beharrari aurre egiteko. Estellerriko, Arabako Mendialdeko eta Trebiñuko Konderriko ingurumenean eragin ditzakeen desmasiak eta bertako herrietan eragin dezakeen kalte ekonomikoa alde batera utzita, linea horren beharrik ez dagoela deritzote. «Linea ez da beharrezkoa ez hornikuntzarako, ez segurtasunerako, ezta energiaren eraginkortasunerako ere; argi eta garbi aztertu behar da zein den egun dugun eredu energetikoa», azpimarratu du Alberto Frias, Autopista Elektrikorik ez plataformako bozeramaileak.



KORRIDOREEN AZTERKETA. Ia urte bat bete da REEk goi tentsio linea egiteko aukeran zeuden korridoreen berri eman zuenetik, eta dagoeneko korridoreen ingurumenari buruzko eragina aztertzen ari dira. Bederatzi hilabeteko epea zehaztu dute hori egiteko. Trebiñuko Konderriko, Estellerriko eta Arabako Mendialdeko udal guztiak egitasmoaren aurka agertu dira, baita Arabako Biltzar Nagusiak eta Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Saila ere.

Eusko Jaurlaritzak berak Arabako mendialdetik igarotzen diren aukerako ibilbideak «ingurumenari dagokionez toki garrantzitsuak» zeharkatuko lituzketela jakinarazi zion Espainiako Ingurumen Ministerioari. Natura 2000 Sarea, Interes Komunitarioko Tokiaketa Hegaztientzako Babes Bereziko Guneak (HBBG) daudela gogoratu zion Ministerioari, eta linea egiteko basogabetu behar den 24 metroko korridoreak kalte egingo liokeela azpimarratu zuen.

Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailak ere, sarea beharrezkoa dela adierazi arren, alegazioak aurkeztu ditu lineak Estellerriko gune garrantzitsuak kaltetu ez ditzan. Begoña Sanzberro Nafarroako Gobernuko Ingurumen kontseilariak hori onartu zuen iragan asteazkenean Ingurumen Batzordearen aurrean. Alegazioen artean 400kV-eko sarea Ezkio-Itsasora (Gipuzkoa) eramateko eskaera dago Orkoiendik (Nafarroa) doazen 220kV-eko bi lineetako baten bidetik, Ezkio-Itsaso-Gasteiz lotzen duen 400kV-eko sarearekin lotzeko gero.

Instituzioak goi tentsioko linearen ibilbideen kontra agertu dira, baina ez dute zalantzan jarri linea horren beharra. Jarrera hori kritikatu dute Plataformarik Ez plataformak. «Duten jarrera argia da: goi tentsioko linea bai, baina ez nire lorategian».



KALTEAK, ESPARRU ASKOTAN. Muru Artederreta eta Gasteiz arteko lineak eragin ditzakeen kalteak ez dira ingurumenera mugatzen. Arabako Mendialdeko Koadrilak eta Estellerriko Landa Garapenerako Gunea (Teder) goi tentsioko linea horrek izango dituen eragin ekonomikoak handiak izango direla diote. Arabako Mendialdeko turismoak berebiziko garrantzia izango duela gogorarazi dute bertako bizilagunek. Turismoa izan da abeltzaintzaren egoera txarrari aurre egiteko hautatutako bidea, eta goi tentsioko lineak ukitu gabeko basoak kaltetuko lituzke. Horrez gain, aukeran dauden korridoreetako batzuk Hegoaldeko Trenaren bide berdearen ondotik igarotzen dira, Arabako Mendialdeko eta Estelleriko ardatz turistikoa izan behar zuen bidea.

Estellerrian egoera bertsua da. Inguru horretako garatzen ari den Lurralde Antolaketa Planaren eta Nafarroako Lurralde Estrategiaren irizpideen kontra egiten du goi tentsioko lineak, Teder-ek egindako txostenaren arabera. Kultur ondarea eta ingurumena eskualde horren garapenerako giltzatzat jotzen du Lurralde Antolaketa Planak. Lineak lehen sektorean eragina izango luke, eta inguru horrek hainbat gai landatzeko dituen baldintza onak baldintzatuko lituzkeela salatu dute: olibak, mahatsa, zainzuria, piperra, boilurra... Horretaz gain linea horrek etorkizunean bere inguruan ezer eraikitzea galarazten du.

Inguru horretako biztanleen osasunarengan goi tentsioko lineak izan dezakeen eragina ere aipatzen dute plataformako kideek. Eremu elektromagnetikoak osasunean eragin kaltegarriak eragin ditzakeela nabarmentzen dute, batez ere hazten ari diren ume eta gazteengan.



ITurBuruTIK eTxeeTaraInoKo BiDe bihurria

Sortzen den lekutik kontsumitzen den guneraino iritsi arte, energiak bide bihurria egiten du. Bide horretan goi tentsioko lineek berebiziko garrantzia dute.

Elektrizitatearen sorrera: Zentral termikoak, zentral nuklearrak, haize parkeak, zentral hidroelektrikoak eta bestelako zentralek elektrizitatea sortzen dute. Elektrizitate hori ezin da gorde, eta eskariaren arabera sortzen da une bakoitzeko beharrak asetzeko. Energia berriztagarriak lehentasuna dute eta sortu ahala sarean sartzen dira. Zentraletatik eta parketatik garraiatzeko tentsio egokiarekin ateratzen da argindarra: 400kV edo 220 kV.

Elektrizitatearen garraio sarea: Goi tentsioko sarea deitzen denaren bitartez egiten da. 400 kV-eko sarea argindarra tarte luzetan garraiatzeko erabiltzen da. 220 kV-eko sarea ere garraiorako erabiltzen da, horren tarte luzeak egiteko aukera ez duen arren. Tentsio altuetan galera gutxiago gertatzen da, eta, aldi berean, garraiatutako potentzia handiagoa izan daiteke. Europan 400 kV-ekoa da tentsiorik altuena, baina EABko Estatu batzuetan 700 kV-ekoa izatera heldu daiteke. Garraioan galtzen den den elektrizitatea %1,45ekoa da gutxi gorabehera, REEren datuen arabera

Garraio azpiestazioak: Azpiestazioen oinarrizko lana elektrizitate sarearen bi elementu lotzea da, argindarra kontsumituko den guneetara gerturatu ahal izateko. Banaketa sarea hasten denean tentsioa jaisten du hirietara gerturatu ahal izateko.

Elektrizitate banatzeko sarea: Goi tentsioko linea azpiestaziotik igaro ondoren 132kV edo gutxiagora jaisten da argindarraren tentsioa. Bertan hasten da banaketa sarea.

Banaketa azpiestazioa: Bezero bakoitzari dagokion tentsiora jaisten du. Industria guneetara 132 kV eta 12,5 kV arteko tentsioarekin bidaltzen du argindarra. Etxebizitzetara garraiatzeko 220 V eta 380 V-era jaisten du argindarraren tentsioa.

Sarearen bukaera: Banaketa azpiestaziotik ateratzen den elektrizitatea erabiltzaileengana eramaten da, bai industria guneetara bai etxebizitzetara.





Beste hainbat egitasmo, bidean

2009. urterako 400 kV-eko 30,2 kilometro linea egin nahi ditu REEk;gehienak Bizkaian
J.R.

Gasteiz

Nafarroa eta Araba arteko 400kV-eko goi tentsioko lineak hautsak harrotu ditu, baina ez da Hego Euskal Herrian mota horretako linea bat egiteko dagoen egitasmo bakarra. Hala, 2009. urterako 30,2 kilometro goi tentsio linea abian jartzeko asmoa jakinarazi du REEk.

Penagos (Kantabria-Espainia)-Gueñes goi tentsioko linea da zalaparta gehien sortu duena. Helburua hornikuntza hobetu eta inguru horretako zentralek sortutako elektrizitatea Kantauri itsasoko ertzera garraiatzea da, eta linea horren hamaika kilometro Bizkaian daude. Ia bi hamarkada dira egitasmoari buruz hitz egiten hasi zenetik baina oraindik ez dira lanak hasi. REE Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren ebazpenak argitzearen zain dago lanak hasteko Bizkaian. Eusko Jaurlaritzak linea egiteko aukeratutako korridorea zalantzan jarri zuen duela hilabete bat.

Gueñeseko Udalean erabaki horien inguruko albisterik ez dutela diote, eta bertako bizilagunek zalantzan jartzen dute Penago-Gueñes lineak ekar ditzakeen hobekuntzak. «Bitxia da nola noizean behin itzalaldiak gertatzen diren hemen, eta ondoan goi ten tsioko linea pila dugu», dio bizilagun batek.

Bizkaia eta Gipuzkoa arteko sareak lotzeko 400 kV-eko linea berria egitea aurreikusi du REEk, Ezkio-Itsaso eta Gueñes artean. Oraindik informazio gutxi dago horren inguruan. Hala, Ezkio-Itsasoko Udalak egitasmo horren inguruko albiste gutxi jaso ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.