Emakumeen Nazioarteko Eguna. PILAR IRIGOIEN

Enpresaria, lan bila

Ikasle zenetik lehenengoz, langabezian igaroko du Pilar Irigoienek, aurten, Martxoaren 8a. Enpresa publikoaren alorretik pribatura egin zuen jauzia; industriaren arloan, gizon artean aritu da zazpi urtez.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Altsasu
2015eko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Lanari lotuta egon da Enpresa ikasketak amaitu zituenetik. Altsasuko Udalan ekonomialari aritu zen, lehendabizi; CEIN erakunde publikoan, gero; eta azken zazpi urteotan, berriz, Fluitecnik enpresa pribatuan. Langabezian ospatuko du Martxoaren 8a, ordea, aurreneko aldiz. «Arraroa egiten zait egoera hau. Ematen du lanak ematen digula balioa gizakioi. Eta langabezian gaudenean, zer?».

Galdera hori egin du Pilar Irigoienek (Altsasu, Nafarroa, 1962). Lana bilatzen duen bitartean, hasi da ikasten enpresetan zuzendaritzan aritu den emakumea baino anitzez ere gehiago dela. Laneko bizipenek anitz irakatsi diotela onartu du, hala ere. Gozatu duela.

Arlo publikoan eta arlo pribatuan izan dituen esperientziak hagitz ezberdinak izan dira Irigoienentzat. «CEINen, emakumeak ari ginen, batez ere. Pribatuan, berriz, gizon artean aritu naiz. Industriaren arloan hori gertatzen da, emakume gutxi garela, oraindik ere. Eta esparru hori da lanpostuak sortzen dituena».

Enpresaren munduan ez du aparteko zailtasunik aurkitu Irigoienek. Horixe nabarmendu du. Bere eta gizonen lan egiteko moduak hagitz bertzelakoak izan direla erantsi du, hala ere. «Konturatu nintzen administrazio kontseiluaren dinamikak ezin nituela apurtu; batek bertzeari botatzen zion errua; gizonek ez zioten elkarri aditzeko ohiturarik. Eta nik ez dut horrela lan egiten. Niri lan talde autonomoak sortzea interesatzen zait; langileei eraginkor izateko tresnak eta aukerak ematea. Lan taldeko kideak gero eta profesional hobeak badira, ni ere ona naizen seinale. Argi dut enpresaren helburua etekinak lortzea dela; baina helburu hori gauzatzeko egiten den bideak ere badu garrantzia. Nik horri ematen diot lehentasuna».

Irigoienek argi du aparteko arazorik gabeko bere esperientzia ez dela arau nagusia: «Datu objektiboek kontrakoa diote; oraindik ere, postu berean aritzeagatik, gutxiago kobratzen dute emakume anitzek. Urratsak egin ditugu, eta legeak badira, baina anitzetan ez dira betetzen. Hori hagitz gogorra da. Aspaldiko aldarrikapenei eutsi behar izatea etsigarria da».

Irigoienek onartu du martxoaren 8 anitz ospatzeko denbora kendu diola lanak. Seme-alabekin egoteko ere bai. «Soldatak eman dit aukera etxean zaintzaile bat izateko; eta ez dut damurik. Nire seme-alabek bi ama izan dituzte, eta hori aberasgarria dela uste dut. Pozten nau haiek jende anitz maitatzeak, eta pertsona anitzek haiek maitatzeak». Lanean gozatu du, eta jarraitu nahi du gozatzen. Enpresei dakiena ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.