Gizartea

Enrique Miranda Zizur zendeako hautetsiak mehatxu anonimo bat jaso du

Udalbatzak, aho batez, irmo gaitzetsi ditu mehatxuak, eta gogorarazi du Miranda Erreniegako herrien ordezkari dela Geolcali enpresak ireki nahi duen Potasa meatzearen aurkako borrokan.

Mirandari igorritako mehatxuaren irudi bat. BERRIA
joxerra senar
2014ko abuztuaren 22a
11:01
Entzun

"Miranda Garcia jauna, tontakeria guztiok esaten dituzu ez duzulako piragua horretatik onurarik ateratzen, bestela zoragarria izango litzatekeelako, baita AHT edo Gendulain ere. Alde egin ezazu zahar etxe batera, jada zahar zaude eta". Miranda Zizur zendeako hautetsiak mezu anonimo hori jaso du, gazteleraz. Miranda ekainaren 19an izan zen Nafarroako Parlamentuko Ogasun Batzordean, Geolcali enpresari emandako baimenen tramitazioan izandako ustezko irregulartasunak salatzen, eta horri buruzko bi albiste datoz mezu anonimoan. Mehatxu zuzen horrez gain, albiste horietako batean haren argazkia ere ageri da, eta alboan "fatxa" ageri da errotuladore urdin batekin idatzita.

Mehatxu hori ikusirik, Zizur zendeako udalbatzak aho batez gaitzetsi du erasoa. Gogora ekarri du Miranda Erreniegako herrien ordezkari dela eta gogor ari dela borrokan Geolcalik ireki nahi duen meatzearen aurka. "Argi dago bati baino gehiagori enbarazu egiten diela meatzearen aurkako herrien jarduerak, eta norbait urduritu egin dela, herrien eledunetako bat ikaratu nahi dutelako", dio udalak prentsa ohar batean.

Udalbatzak aho batez berretsi du meatzea irekitzearen aurka daudela eta tinko jarraituko dutela borondate horrekin: "Proiektuari oposizioa egiten jarraituko dugu, Erreniegako herrien eledunek jasotako mezu anonimoen gainetik".

Mirandak salaketa aurkeztu du Foruzaingoaren aurrean, uste baitu beldurra eragiteko delituaz gain kargu publikoaren aurkako kalumnia ere izan daitekeela mezu anonimoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.