Beste behin ere, bero itogarriari eta Espainiako Vueltak eragindako zirkulazio zoramenari aurre eginda, dozenaka lagunek babestu zuten atzo arratsaldean Kukutza gaztetxea. Eraikina botatzeko baimena eman duela eta, Bilboko Udalaren jarrera salatu zuten Errekalde plazan egindako burrunbada baten bidez, «entzun gaitzaten». Ondoren auzoko kaleak ibili zituzten, kanporatzerik ez, eraisterik ez lelopean. Baina, kalera ez ezik, epaitegietara ere heldu da protesta. Rekaldeberriz auzo elkarteak eraispena bertan behera uzteko eskaera aurkeztu zuen atzo; halaber, gaztetxea hustuko eta botako balute auzitara jotzeko aukera aztertuko duela erantsi dute Errekaldeko bizilagunek.
Kukutzaren egoera larria dela antzeman zitekeen atzo. Udalak gaztetxea eraisteko baimena sinatu du aste honetan; epaileak eraikina husteko agindua ematean, azpiegituraren jabetza duen enpresak, Cabisa SAk, modua izango du hura eraisten hasteko. Gaztetxea uzteko ordua edozein unetan hel daitekeela eta, ehunka lagunek eman zioten sostengua atzo Kukutzaren proiektuari.
Zaratatsua izan zen martxa. 600dik gora lagunen babesean, auzoko kaleetan salatu zuten botatzeko mehatxua, hots handiz, udalari eta enpresari atzera egin dezaten eskatzeko. Nabarmenena gaztetxearen aurretik pasatzeko unea izan zen; hiru lagun jarri ziren eraikinaren teilatuan, okupazioaren aldeko banderekin.
Gaztetxeak «sorgin ehiza» jasaten ari direla salatu zuten amaierako ekitaldian; horren adibide, Gasteizkoan izandako istiluak—Ertzaintzak hainbat lagun zauritu zituen—. Hala ere, nabarmendu zuten Kukutzaren aurka alferrik joko dutela: «Bizirik segituko du botata ere. Irabazi dugu, indarrak batzea lortu baitugu».
Auzokideak, haserre
Rekaldeberriz auzo elkarteak ere bat egin zuen mobilizazioarekin. Izan ere, udalarekin «haserre» daude bizilagunak, eta udan administrazioa «gezurretan» jardun dela azaleratu dute. Besteak beste, Kukutzak dirutan duen balioaz mintzatu dira. Udalak bost eta hamar milioi euro arteko zifrak aipatu ditu; Ogasunak ezarritako prezioa ekarri du gogora elkarteak: 2.190.000 euro. Bilboko Udalak defizitik ez duela kontuan hartuta, zifra hori ordaintzeko moduan dela uste dute auzokideek: «Baina ez gaude eraikina erostearen alde».
Bere garaian eraikinaren kalifikazioa aldatzeko eta ekipamendu izendatzeko eskatu zuten auzokoek: «Ez gintuzten entzun, eta ekipamendurik gabeko auzoan, interes espekulatzaileak lehenetsi zituzten». Diotenez, baina, oraindik ere bada irtenbiderik, azpiegitura erosi beharrik gabe: aprobetxamendua alda daiteke, Kukutza dagoen eraikina publiko izan dadin, eta enpresari beste bat eman.
Edonola ere, bizilagunak mobilizatzen ari da elkartea, gaztetxea husteko agindua heltzen denean «erresistentzia aktibo ez-biolentoa» egiten jarraitzeko. Erakunde publikoei, berriz, auzia konpontzeko eskatu die: «Instituzioek beste albo batera begiratzen badute, Rekaldeberrizen auzitara jotzeko asmoa dugu, Errekalde hamarraldietan zehar utzita eduki duten erakundeek euren ardura har dezaten».
Entzuteko moduko aldarria Errekalden
Kukutza babestu dute ehunka lagunek, eta auzitara jotzeko asmoa agertu dute auzoko bizilagunek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu