Epaia irmoa izan arte ezin duela Troitiño libre utzi esan dio Espainiak Londresi

Fernando Diaz Torre aske utzi dute, Auzitegi Gorenak haren helegitea aztertu eta biharamunean

Mattin Troitiño, iaz, espetxetik atera zenean egin zioten ongietorrian. BERRIA.
Oihana Elduaien Uranga.
2012ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Estrasburgoko Auzitegiak Parot doktrinaren kontra ateratako epaiak Ines del Riori ez ezik gainerako presoei ere eragiten diela onartu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Baina irmoa izan arte epaiak ez duela baliorik argudiatzen jarraitzen du. Hala gertatu ezean eskubideak urratzen dituen doktrinari eutsiko diola berretsi du Alfonso Guevara epaileak. Antton Troitiñoren kasuari buruzko probidentzia batean esan du hori. Izan ere, Erresuma Batuak Auzitegi Nazionalari iradoki dio Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia irmoa izan bitartean presoa aske uzteko. Guevarak ezin duela halakorik egin erantzun dio, Troitiñoren zigorra irmoa delako.

Troitiño ekainaren 29an atxilotu zuten Londresen, Iñaki Lerinekin batera. Espainiako Polizia iaztik zebilen Troitiñoren bila. 24 urte preso egon ostean, libre utzi zuten, eta, bost egun geroago, berriz espetxeratzeko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak, Parot doktrina aplikatuta, beste sei urterako espetxeratzeko. Hura atxilotzen saiatu ziren, baina ez zuten topatu. Troitiño preso hartzeko euroagindua eman zuten orduan, eta Londresen atxilotu ostean, abian da hura estraditatu edo ez erabakitzeko prozedura. Hain justu, gaur egingo dute horri buruzko auzi saioa.

Prozedura horren barruan, Troitiño estraditatzea eskatzeko arrazoia Parot doktrina den edo ez galdetu dio Erresuma Batuko Fiskaltzak Espainiako Auzitegi Nazionalari. Hala bada, Estrasburgok joan zen astean kaleratutako Ines del Rioren aldeko epaiak eraginik ba al duen ere galdetu dio. Egoera horretan bi hipotesi eta bi proposamen egin ditu fiskaltzak. Estrasburgoko epaiari helegitea jarri behar badio, azken erabakia jakin bitartean Troitiño baldintzapean libre uzteko proposatu dio. Helegiterik jarri behar ez badu, berriz, Troitiño atxilotzeko agindua erretiratzeko.

Espainiako Gobernuak Estrasburgoko ebazpena jasotako egun berean jakinarazi zuen helegitea jartzeko asmoa zuela, eta epaia irmoa izan artean ez duela urratsik egingo. Horiek horrela, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Alfonso Guevara epaileak atzo kaleratu zuen probidentzia bat, Estrasburgoren epaia irmoa izan bitartean Auzitegi Nazionalak ezin duela Troitiño libre utzi esanez, haren kontrako epaia Espainiako Auzitegi Konstituzionalak berretsi zuenetik irmoa delako.

Hala ere, onartu du Giza Eskubideen Auzitegiko epaiak Ines del Riori ez ezik gainerako euskal presoei ere eragiten diela, bai behintzat Troitiñori. Baina epaia irmoa izan ezean ez diola estradizio eskaerari eragiten, eta berak ezin diola Troitiñori bermea jarri baldintzapean aske irteteko. Beste aukera bat litzateke berme hori Erresuma Batuak ipintzea Troitiñori, han baitago preso.

Bestalde, Fernando Diez Torre euskal preso bilbotarra libre gelditu zen atzo. Iaz aplikatu zion Espainiako Auzitegi Nazionalak Parot doktrina deiturikoa, eta 2022ra luzatu zion zigorra. Auzitegi Gorena herenegun zen aztertzekoa presoak doktrinaren kontra jarritako helegitea. Ebazpenik ez dagoen arren, Diez Torre aske utzi zuten atzo. Villabonako espetxean zegoen preso (Espainia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.