Atzo Bilboko manifestaziora inguratu ziren ordezkari politiko eta sindikalek Bateragune auziko epaiaren aurkako aldarria egin zuten. Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kideak iragan den asteko epaia «injustu, surrealista eta estridentea» dela adierazi du. Eta era horretan estatuak ezker abertzalearen apustua «baldintzatu eta zangotrabatu» egin nahi duela uste du, baina «manifestazio honetan guztiz kontrakoa esan nahi dugu», gaineratu du. Izan ere, ezker abertzaleak hartutako jarrera politiko berria «sendoa» dela esan du, «egunez egun sendoagoa», Ugartebururen hitzetan. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) Gernikako Akordioa babestea horren adierazletzat jo du. Erabaki horri garrantzi berezia eman dio ezker abertzaleko kideak, «aterabide demokratikorako prozesua indartu eta zimenduak jartzen dituelako».
Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak EPPKren apustua babestu du, «Gernikako Akordioaren bide orria baieztatzen duelako», haren ustez. Aterabide demokratikorako pizgarri izan daitekeela uste du, eta preso politikoen kolektiboak prozesuan duen pisu nabarmena azpimarratu du. «Munduan izandako beste hainbat prozesutan gertatu den bezala».
Pello Urizar EAko idazkari nagusiak, bestalde, adierazi zuen atzoko manifestazioa orain dela bi urte Donostian egindakoaren errepikapena izan zela. «Orduan ikusi zen bezala, gaur ere ikusten da euskal gizartea ez dagoela ados orduan izandako atxiloketekin [Bateragune auziaren harira izandakoak], eta ezta azkeneko sententziarekin ere». Urizarrek prozesuaren aurkako epaia dela azpimarratu du.
Rebeka Ubera Aralarren batzorde eragileko kide eta Gipuzkoako batzarkideak berretsi du «eskubide zibil eta politikoei zuzenean egindako erasoa» dela. Hori dela eta, Auzitegi Gorenari «sententzia indar gabe utzi, eta zigortuak aske uzteko» eskatu dio, haiek politika egiten eta normalizazioaren alde pausoak ematen jarrai dezaten.
Sindikatuek ere salatu dute
Alderdi politikoez gain, sindikatuetako ordezkariek eresalatu zuten Bateragune auziko epaia atzoko manifestazioan egindako adierazpenetan. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, «estatuak sententziarekin oztopoa jarri arren, herritarrek badakite bide ona hartudugula, eta gaurko mobilizazioarekin bide hori indartzen jarraituko dugu». Horregatik, sententziari eta «gobernuak daukan asmoari» garrantzia kendu gabe, apustuarekin aurrera egingo dutela berretsi du Etxaidek, «babesa badaukagulako». Hein horretan, EPPK-k Gernikako Akordioa bere egin izana garrantzitsutzat eta erabakigarritzat jo du LABeko idazkari nagusiak.
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiari EPPK-k hartutako erabakiaren inguruan galdetutakoan, bestetik, estatuak pausoak eman behar dituela adierazi du. «Aspalditik eman behar zituen, eta ez ditu eman. Beraz, bada garaia pauso horiek eman ditzan». Izan ere, Muñozen ustez normalizazio prozesuak estatuaren bultzada jaso beharra dauka. Horregatik, zigortutako kideakaskatzeko eskatu du ELAko idazkari nagusiak, «euren iritziak aurrera eramateko aukera eduki dezaten».
Bateragune auziko epaia prozesuaren aurkakoa dela adierazi du Jesus Uzkudun Euskadiko CCOOko kideak ere. «Astakeria bat da», haren ustez. Sindikatu horrek Madrilenmobilizaziorako deia egina bazuen ere, Bilbon egon behar zutela iruditu zaie. EPPKren erabakiaren inguruko albistea «oso ondo» hartu du Uzkudunek, konponbiderako «bide bat finkatzen baitu», haren ustez.
'Bateragune auzia'. Manifestazioa
Epaia salatu eta EPPKren urratsa txalotu dute eragileek
Alderdi eta sindikatuen ustez, presoek Gernikako Akordioa babestu izana normalizaziorako pauso garrantzitsua da'Bateragune auziko' epaia, berriz, gogor salatu dute, eta atzerapausoa dela esan dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu