INDARKERIA MATXISTA

Epaiak egindako delitua "beheratu" duela salatu du Nafarroako Gobernuak

Maria Solana gobernuko bozermaileak aurreratu du gobernuak helegitea aurkeztuko diola epaiari. Hala egingo du Iruñeko Udalak ere. Asiron alkateak ziurtatu du gertatutakoa "sexu erasoa" izan zela. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen iritziz, epaia motz gelditu da, eta "zaila" izango da gizarteak erabakia ulertzea.

Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramailea, eta Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria.
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko apirilaren 26a
10:02
Entzun

2016ko sanferminetan emakume bati taldean egindako erasoari buruzko epaia jakinarazi du gaur Nafarroako Auzitegiak. Sexu abusu delituagatik zigortu dituzte bost gizon auzipetuak, eta bederatzi urteko kartzela zigorra bete beharko dute, eta 50.000 euroko kalte-ordainak eman beharko dizkiote biktimari. Nafarroako Gobernuak adierazi du ez datorrela bat epaimahaiaren erabakiarekin, auzipetuen egindako delitua "beheratu" egin duela iritzita. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, motz gelditu da zigorra.

Maria Solana Nafarroako gobernuko bozeramaileak epaiaren gaineko "presazko" balorazioa egin du, eta epaimahaiaren erabakiak "nabarmen beheratu" duela auziperatuen egindako delitua, "indarkeriarik eta larderiarik" ez zela izan" interpretatu duelako.

Solanak "errespetua, babesa eta elkartasuna" adierazi dizkio biktimari eta haren sendiari, eta iragarri du foru gobernuaren zerbitzu juridikoak epaia aztertzen ari direla, erabakiaren kontrako helegitea aurkezteko.

Nafarroako Parlamentuak ere "desadostasuna" agertu du auzitegiaren epaiarekiko, eta "herritarren aldarriarekin bat" egiten duela adierazi du. Ainhoa Aznaren parlamentuko presidenteak adierazpen bat irakurri du gaurko saioaren ostean. Testua bihar onartuko dute, ahobatez, mahaiak eta bozeramaileen batzordeak, Aznarezek aurreratu duenez.

Parlamentuak salatu egin du auzian ikertu diren gertakariak "sexu abusu" gisa sailkatu izana, eta "babesa" adierazi diote biktimari.

Iruñeko Udalak ere ez du ontzat eman Nafarroako Auzitegiaren epaia, eta "etsipena" agertu du. "Tipo penala ez da epaian frogatuta gelditu diren gertakariei dagokiena", adierazi du Joseba Asiron hiriko alkateak. Udalak epaiari helegitea aurkeztuko diola aurreratu du Asironek. Haren esanetan, "sexu erasoa izan zen". Aldiz epaiak delitua "sexu abusu kategoriara beheratu" duela salatu du.

Gizartearen "ezinegona" eta erabakiak sortu duen "haserrea" ulertzen dituela gaineratu du Asironek. Gogorarazi duenez, "Iruñeko hiritarrek mezu argia eman zuen duela bi urteko sanferminetan", eta ziurtatu du Iruñeak ez dituela eraso sexistak eta emakumeen kontrako indarkeria onartuko.

Parlamentuan gertatu bezala, Iruñeko udal talde guztiek epaiarekiko "desadostasun sakona" agertu dute ahobatez.

Eusko Jaurlaritzak ere kritikatu egin du epaia. "Pentsaezina da gisa horretako gertakari bat indarkeriarik edo larderiarik gabe gertatu izana, ez bada emakumea objektu bihurtzen duen pentsamendu batetik abiatzen edo indarkeria matxista zilegi jotzen ez bada", adierazi du Erkoreka bozeramaileak. Ohartarazi du gizarteak ezin izango duela "ulertu" epaimahaiaren ebazpena.

Epaia baloratzerakoan "zuhurtziaz" jardun nahi izan du, epaiaren oinarri juridikoa zein den aztertu arte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.