«Epaiak ez ditu betetzen Konstituzionalak behin eta berriro finkatutako baldintzak »

'Bateragune auzian' errugabetasun printzipioa urratu dela salatu du Iñigo Iruinek babes helegitean

Pello Urzelai.
2012ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentzia argia eta zorrotza da zantzu bidezko frogaren inguruan. Tribunalak «arrazoibidea azaldu behar du», «argi eta zehatz», hau da, tribunala behartuta dago azaltzera zein arrazoibide logikoren bidez iristen den oinarrizko gertaeretatik ondorioetara, eta hori egin behar du kanon zorrotz batzuk beteta. Hori da Bateragune auzian Auzitegi Nazionalak eta Auzitegi Gorenak ebatzitako epaien hutsune nagusia, Rafa Diezen abokatu Iñigo Iruinek Konstituzionalean jarritako babes helegitearen arabera.

Zigor epaian ez da azaltzen nolako inferentzia edo ibilbide logikoren bidez iritsi den ondorioetara. «Oinarrizko egitateak akreditatu ondoren, zuzenean pasatzen da zigorrak zehaztera, inferentzia azaltzeari paragrafo edo atal bat ere eskaini gabe». Jokabide horrek, defentsaren ustez, errugabetasun printzipioa urratzen du, eta, ondorioz, Auzitegi Nazionalaren eta Gorenaren zigor epaiak baliogabetzeko eta inputatuak errugabetzeko eskatu dio Auzitegi Konstituzionalari.

Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Sonia Jazinto eta Arkaitz Rodriguezen defentsekostegunean aurkeztu zituzten babes helegiteak. Orain, epe jakinik gabe, lehenik Konstituzionalak erabaki behar du helegiteak tramitatzen dituen edo ez, hau da, aztertzen dituen edo ez. Pauso hori ez da nolanahikoa, 2007an egindako lege erreformaren ondorioz, babes helegiteak onartzeko baldintzak zorroztu baitira. Egun, babes helegite bat onartzeko «garrantzi konstituzionala» izateko eskatzen zaio. Kasu honetan, Iruin abokatuaren ustez, baldintza hori betetzen da. Konstituzionalak 155/2009 epaian zerrendatzen dituen aukeren artean, f) atalarekin bat dator: Konstituzionalak ezarritako doktrina bat betetzeari uko egitea (kasu honetan, zantzu bidezko frogari buruzko doktrinari).

Krokis topografikoa

Piero Calamandrei jurista italiarraren ustez, epaia «nolabaiteko krokis topografiko bat» da, hau da, «ibilbide logiko bat, non, ondorioa okerra bada, erraza izaten den zehaztea epaileak zein tokitan galdu duen orientazioa». Bateragune auziko zigor epaian tribunalek okerreko bidea non hartu duten azaldu du Iruinek helegitean. Haren ustez, bai Auzitegi Nazionalak bai Gorenak hiru dokumentu logikaren kontra interpretatu dituzte, inputatuak ETArekin lotuta daudelako ondoriora iristeko.

Funtsean, hiru dokumentu erabiltzen dituzte ondorio horretara joateko. Bi ETAri egotzitakoak dira: Aurrera begirako ildoa: Fase politikoaren ezaugarritzea (2008ko udaberrikoa) eta Herri antolatuaren estrategia independentista baterantz. Nazio estrategia askapen prozesuaren eragile (2008ko abendukoa). Hirugarrena ezker abertzaleari egotzitakoa da: EAEko hauteskundeen balorazioa eta aurrera begirako ildoa (2009ko martxokoa). Errekurritutako epaien tesia da ETAk bigarren dokumentuan jarritako ildoak ezker abertzaleak bete dituela, hirugarren dokumentuaren arabera, eta horretaz akusatuak arduratu direla. Iruinek frogatzen du bi dokumentu horien arteko lotura «logikaren kontrakoa» eta itzulpen akatsetan oinarritutakoa dela.

Izan ere, ETAren bigarren dokumentuak ez ditu epe laburreko eginkizunak zehazten. Aitzitik, ETAren 50. urteurrenaren harira egindako gogoeta estrategiko bat da, hurrengo bost urteetako bideari begira. Aipaten diren zeregin guztiak ETAk berak egitekoak dira eta ez ezker abertzaleak.

Horrez gain, Iruinek gogoratu du aipatutako dokumentuetako bat (Herri antolatuaren estrategia independentista baterantz...), eta Bateragune auzian erabiltzen diren beste batzuk (Rafa Diezen gutunak eta BTGNri. Komunikazio orokorra) Bilduren epaian ere aztertu egin zituela Auzitegi Konstituzionalak. Bateragune auzian Auzitegi Goreneko Alberto Jorge Barreirok egindako boto partikularrean idatzitakoa bere eginda, Iñigo Iruinek nabarmendu du Bildu debekatzeko nahikotzat jo ez zen dokumentazioa are gutxiago jo daitekeela nahikotzat inputatuak zigortzeko. «Errekurritutako epaiak ETAren dokumentuen eta akusatuen jardunaren artean egiten duen lotura inferentzialari, Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentziaren araberako ezinbesteko sendotasuna falta zaio».

Dokumentuen interpretazioen harira, Iruinek beste argudio bat erantsi du babes helegitean. ETAri egotzitako BTGNri. Komunikazio orokorra dokumentua aztertuta argi ageri da akusatuak inkriminatzeko balio izan beharrean errugabetzeko balio duela. Aipatutako dokumentu horretan agertzen den kontu eskaria «zantzu sendoa da ondorioztatzeko Bateragune dela ETAren agindu politikoak betearazteko organoa, eta ez akusatuen taldea». Beraz, kontrazantzutzat hartu beharrekoa, eta ez alderantziz. Beste sei kontrazantzurekin batera kontuan hartu beharko litzatekeena.

Laburbilduz, Iruinek aurkeztutako babes helegitearen arabera, «errugabetasun usteari ezarri behar zaion kanonak zorrotza, exijentea eta zalantzarik gabekoa izan behar du, eta errekurritutako epaiek egiten dutena estandar hori jaistea da, Auzitegi Konstituzionalak behin eta berriro finkatutako bete beharreko baldintzak bete gabe». Halaber, «ETA eta ezker abertzalearen arteko liskarra edo eztabaida ukatzea eta gertatutakoa ETAk diseinatutako maniobra kosmetikotzat analizatzea ez dator bat errealitatearekin, eta edozein kasutan ez da egiazkotasun nahikorik izan dezakeen hipotesi bat, talde terrorista baten kidetzaren delitu bategatik zigortzeko haina».

Azkenik, Rafa Diezen defentsak gogoratu dio Konstituzionalari 2009ko urriko atxiloketaren ostean gertatutakoa baliozkoa dela zantzuak zuzen baloratzeko. «2009ko urriaren ondoren gertatutakoaren argitan, logikoa eta arrazoizkoa da pentsatzea akusatuak ETAren agindupean jardun beharrean, horietatik kanpo ari zirela, kontra ez bada».

Babes helegitearekin batera, Bateragune auziko gainerako akusatuen defentsek bezala, Gorenak 2012ko maiatzaren 7an hartutako epaiaren betearazpena bertan behera uzteko eskatu dio Konstituzionalari. Eskaera horrek babes helegitearen eraginkortasuna ez eragozteko helburua du, hura onartuz gero akusatuen askatasunari erreparatu ezineko kaltea egingo litzaiokeelako. Tribunalak babes helegitea tramitatzea onartzen badu, mamian sartu aurretik, betearazpena bertan behera uzteko eskaera aztertuko du. Eskaera hori onartzeak esan nahi du presoak aske gelditzea helegitea onartu edo ez erabaki bitartean. Hipotesi hori zentzuzkoa da akusatu gehienek dagoeneko ezarritako zigorraren zati handi bat bete dutelako (batzuek datorren urrian hiru urte beteko dituzte preso, sei urteko zigorraren erdia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.