Frogarik eza da epaituek azpimarratu nahi duten ideia, eta, beraz, ez dute absoluzioa ez den beste epairik espero. Udalbiltzaren aurka uztailean hasitako epaiketa amaitu ondoren, auziaren inguruko hausnarketa egin dute auzipetuek. Atzo eman zituzten ezagutzera ondorioak, Donostian, zazpi kidek guztien izenean eginiko agerraldi batean.
Lau puntutan oinarritzen dute auzipetuek absoluzioaren zergatia. Frogatutzat jotzen dute ez dela Udalbiltzaren jardueran inongo deliturik egon; ez dela ETAren ez beste ezein erakunderen menpe egon; eta Udalbiltzaren jarduerak ez duela kalteturik sortu. Udalbiltza eta halako proiektu eta ekimenak zigortzea «demokraziarekin bateraezina» dela gaineratu dute, euren errugabetasuna azpimarratzeko.
Bestalde, Udalbiltzako kideek argi dute Udalbiltza ez zela inoren kontra jaio, «Euskal Herriaren alde baizik», eta proiektuak bere lana «bake bidean» egin duela, «inor baztertu gabe».
Epaiketa «eskubide zibil eta politikoen kontrakoa» izan dela uste dute epaituek. «Auzipetuon eta Euskal Herriaren eskubideak» urratu dituztela diote, «Euskal Herriak bere instituzioak modu demokratikoan sortu eta garatzeko daukan eskubidea zigor penalaren mehatxupean» ikusten baitute.
Prozesu hau guztia aztertzean, «atxiloketak, espetxea, Udalbiltzaren proiektua larriki zangotrabatzea, frogarik gabe edozer egin daitekeela erakustea eta, larriena, akusazioek euren eskaerak mantentzea» datozkie burura.
Ondorio positiboentzako lekua
Ez dute dena beltz ikusten Udalbiltzakoek, Euskal Herrian eta gure mugetatik kanpo sortu diren elkartasun eta salaketa ekimenak oso ontzat jotzen baitituzte. Eskerrak eman dizkiete auzipetuek Udalbiltza aske! lelopean elkarretaratzeetan batu direnei, salaketa eta elkartasun manifestuarekin bat egin zuten 60 euskal gizarte eragileei eta auzia salatu duten nazioarteko ordezkari instituzional eta juristei, besteak beste.
1999an sortu zen Udalbiltza, eta 2003ko apirilean izan zen proiektuaren aurkako polizia operazioa. Zazpi urtez izan dira auzipetuak epaiketaren zain. Orain, Gomez Bermudez epaileari dagokio erabakitzea; asteak beharko dira epaia ezagutzeko, epailearen beraren esanetan.
Hamarna urteko espetxe zigorra eskatzen du Fiskaltzak hogei akusaturentzat; absoluzioa defentsak.
Epaiketa amaituta, Udalbiltzaren balioa berretsi dute auzipetuek
Absoluzioa beste epairik ez dute espero, haien aurkako frogarik ez dagoela agerian utzi baitu epaiketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu