Epaiketa, «egia ezkutatzeko»

Jon Anza «gerra zikinaren» beste biktima bat dela iradokitzeagatik epaitu dute haren senide bat

Jon Anzaren eta haren familiaren auzokideak eta lagunak, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren aurrean, atzo. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2012ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Jon Anzaren heriotzaren inguruko ikerketak geldirik jarraitzen du, baina haren senide batepaitu dute, ETAko kide ohia desagertu eta hil izanaren atzean poliziak daudela iradokitzeagatik. Hain zuzen ere, Espainiako segurtasun indarrei irain egitea leporatu diote Garbiñe Alkizari, eta fiskalak 2.500 euroko isuna eskatu du haren aurka. Atzo egin zuten ahozko epaiketa Gipuzkoako Probintzia Auzitegian, Donostian.

2010eko martxoaren 14an—Anzaren gorpua agertu eta hiru egunera— Donostian eginiko manifestazio batean esandakoak hartu ditu fiskalak Alkizaren aurka jotzeko. Manifestazioaren amaieran irakurritako agiri batean, gertakariak ikertzeko eskatu zuen Alkizak. Senideek orduan zituzten datuen arabera, Anza «gerra zikinaren» beste biktima bat izan zitekeela ohartarazi zuen, eta haren desagerpena eta heriotza Espainiako Estatuko segurtasun indarrei leporatzeko zantzuak zeudela. Gaur egun, berdin pentsatzen duela adierazi du Anzaren senideak epailearen aurrean. «Berretsi egin dugu orduan esan genuena. Estatuko segurtasun indarrek eta Guardia Zibilak zerikusia dutela Jonen desagerpenarekin eta hilketarekin. Ziur gaude horretaz. Ikerketak horretara garamatza; abokatuek dauzkaten ikerketek eta egindako dilijentziek susmo hori indartzen dute», azaldu du kazetarien aurrean eginiko adierazpenetan.

Atzo eginiko epaiketan, bere abokatuaren galderei erantzun zien bakarrik akusatuak, eta harekin batera ekimen hartan izan ziren hainbat lekukok deklaratu zuten, tartean, manifestazioaren argitze agiria egin zuten ertzainek.

Funtsean, manifestazioaren amaieran irakurritako agiria izan da akusazioak aurkeztu duen froga bakarra. Fiskalaren arabera, Espainiako Estatuko segurtasun indarrei irain egin zien Alkizak. Anzaren senideak polizien aurka eginiko salaketak «oinarririk ez» duela argudiatu du fiskalak, eta «familiaren iritzia baino ez» dela nabarmendu du. Anzaren heriotzaren atzean Espainiako Estatuko segurtasun indarrak daudela frogatuko lukeen daturik ez aurkeztea leporatu dio, gainera, Alkizari. Anzaren senideak gogoratu duenez, ikerketak irekita jarraitzen du, eta familia akusazio partikular gisa aurkeztu da auzian.

2009ko apirilaren 18an Tolosaranzko (Okzitania) tren bat hartu zuen Jon Anzak Baionan. ETAko kide batzuekin biltzeko asmoa zuen, erakunde armatuak berak hura desagertu eta sei egunera kaleratutako agiri batean jakinarazi zuenez. Anza, baina, ez zen hitzordura agertu, eta ordutik desagertuta egon zen, 2010eko martxoaren 11n haren hilotza Tolosako Purpan erietxeko gorputegian agertu zen arte. Bertsio ofizialaren arabera, Anzak hamar hilabete eman zituen gorputegian, eta identifikatu gabeko gorpu bat hainbeste denboraz izatea akats burokratikoei egotzi zieten.

Anzaren gorpua agertu ondoren, mobilizazio ugari egin ziren Euskal Herri osoan. Horietako batzuk antolatzeko baimena eskatzeagatik, Alkizari 1.000 euroko bi isun jarri zizkion Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Horrekin batera, eta delitu zantzuak zeudela iritzita, salaketa aurkeztu zuen Gipuzkoako Probintzia Auzitegian. Instrukzio epailearen aurrean deklaratu ostean, epaiketa egitea erabaki zuen auzitegiak.

Borondate politikorik ez

Epaiketa egiten ari zen bitartean epaitegiaren kanpoan eginiko agerraldi batean, Anzaren familiaren auzokide eta lagun talde batek babesa agertu zion Garbiñe Alkizari atzo. «Onartezina da epaiketa hau», salatu zuten. «Egia eskatzeagatik eta gerra zikinaren kasu berri baten aurrean gaudela pentsatzeagatik epaitu dute [Alkiza]».

Irakurritako agiri batean, nabarmendu zuten atzokoepaiketarekin «egia ezkutatu» nahi izan dutela, eta salatu Anzaren kasua ikertzeko «borondate politikorik» ez dela egon. «Argi ikusi dugu ez dagoela inolako borondate politikorik Jonen kasuan egia jakiteko. Alderantziz, egia ezkutatzeko eginahalean aritu dira gaur arte, eta horretan ari dira oraindik ere. Gaurko epaiketa dugu esaten ari garenaren adibide garbia»

Anzaren heriotzari buruzko «egia osoa» jakiteko eskubidea aldarrikatu zuten, eta argitu gabe jarraitzen duten hainbat kasu daudela gogoratu. «Herri honek benetako demokrazia egoera ezagutu dezan beharrezkoa izango da herritar ugarik pairatu duten errepresio eta jazarpenaren egia osoa jakitea eta onartzea».

Agerraldia egin aurretik, antolatzaileak identifikatu egin zituen Ertzaintzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.