«Epaiketa paraleloa» egin dela salatu du Azkaratek

'Miñao auzia' ikertzen duen Eusko Legebiltzarreko batzordean deklaratu du Kultura sailburu ohiak

Miren Azkarate. GARI GARAIALDE / ARP.
Erredakzioa
Gasteiz
2011ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Aurreko legealdian Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailean irregulartasunak izan zirela ukatu du Miren Azkarate Kultura sailburu ohiak Miñao auzia ikertzen duen Eusko Legebiltzarreko batzordean, eta gogor salatu du errugabetasun ustea «etengabe urratzen» ari direla, baita ikerketa batzordea ere. Areago, salatu du hainbat komunikabidetan auziari buruz azpitik zabaldu diren informazioen ondorioz «epaiketa paraleloa» egin dietela aferan nahastutako hainbat pertsonari. Azkaratek ikerketa batzordean agerraldia egin eta gero egin ditu kritika horiek komunikabideen aurrean.

Kultura sailburu ohiak ez du uste bere sailean irregulartasunik egin zenik. Azaldu duenez, ez zuen ardurarik izan susmopean dauden kontratuen gainean, baina ziur da bere lan taldeak egoki jokatu zuela kontratu horien banaketan. Gainera, Jaurlaritzakkontratu horiek ongi eginak zeudela frogatzeko bideak bazituela azpimarratu du.

Kultura Saileko ustezko irregulartasunak ikertzen dituen Miñao auziko atalari dagozkion agerraldiak datorren astean amaituko ditu Legebiltzarrak.

Bestalde, ustezko espioitza politikoari dagokion auzia sekretupetik atera eta gero, EAJk ukatu egin du inor zelatatzeko agindu zuela. Iñaki Gerenabarrena EAJko ABBko presidenteak esan du bere alderdiak ez duela txosten sekreturik.

PPk, berriz, ustezko espioitza auzian erantzukizunak argitzeko eskatu dio Iñigo Urkullu presidente jeltzaleari. Antonio Basagoitik salatu du «sasi Gestapo» bat zuela EAJk oposizioa zelatatzeko eta hori ez dela konpontzen alderdikideei karneta kenduta.Bestalde, PSEk espero du sumarioa sekretupetik aterata Legebiltzarrean deklaratzera deitutakoak kolaboratzen hasiko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.