Politika

Epaiketa politikoen aurka egin dute Donostiako epaitegian

Hogeita bost lagun epaitzen hasi dira, 2009ko martxoko hauteskundeetan D3M legez kanporatu izana salatzeagatik. Ia hiru urte arteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak.

Hodei Iruretagoiena
2013ko urriaren 11
15:03
Entzun

Libre. Epaiketa politikorik ez lelodun kamiseta laranjarekin sartu dira epaiketara Eusko Legebiltzarrerako 2009ko hauteskundeen harira inputatu dituzten 25 lagunak. Demokrazia Hiru Milioiren hautagaitzak legez kanpo utzi zituen hauteskundeak egin baino hiru aste lehenago Espainiako Auzitegi Gorenak, eta hauteskunde delitua egotzi diete auzipetuei. Horrez gain, haietako batzuri desobedientzia delitua eta autoritatea iraintzekoa ere gaineratzeko eskatu du fiskalak, eta bi urte eta bi urte eta bederatzi urte arteko zigorrak ezartzeko eskatu du.

Ordua 09:30ean zegoen jarria, eta ordu erdi inguru atzeraturik hasi da epaiketa, Egiako epaitegian (Donostia). Euskaraz deklaratu dute auzipetuek itzultzailearen laguntzarekin, eta euren abokatuen galderei bakarrik erantzun diete. Urko Pikaza auzipetuak epailearen aurrean esan du "epaiketa politikoa" delako hartu dutela erabaki hori. Abokatuek galdetu diete ea D3Mren boto paperik inprimatu edo erabili zuten, ea hauteslekuetan utzi zituzten, ea norbaiti botoa ematea oztopatu zioten, eta ea irainik edo erasorik egin zioten norbaiti. Ezezkoa erantzun dute auzipetu guztiek, eta ordubete eskas iraun du saioak. 

Astelehenean jarraituko du epaiketak fiskaltzaren nahiz defentsaren lekukoen testigantzarekin, eta asteazkenean aldeek beren ondorioak aurkeztea espero da.

Babesa epaitegi aurrean

Epaiketa hasi baino lehen elkarretaratzea egin dute auzipetuek eta haiek babestera joandakoek, Libre. Epaiketa politikorik ez lelopean. "Eskubideak aldarrikatzeagatik" epaituko dituztela salatu du Nerea Rekondo auzipetuak: "Ez da epaiketa politikoak egiteko unea. Lehen ere ez, baina orain are gutxiago", esan du, eta "onartezintzat" jo ditu astelehenean eta ostegunean Espainiako Auzitegi Nazionalean hasiko diren epaiketak ere —76 lagun epaituko dituzte gazte mugimenduaren eta Batasunaren aurkako auzietan, 26/11 eta 35/02 sumarioetan, hain zuzen—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.