Epaiketa politikoen aurkako protesta debekatu dute

Donostian egitekoak ziren manifestazioaren antolatzaileetako bati Auzitegi Nazionalera joateko agindu diote

jon olano
2010eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Proiektu guztien defentsan. Inkomunikaziorik ez, epaiketa politikorik ez lelopean atzo Donostian antolatuta zegoen manifestazioa debekatu egin zuen Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Segiko kide izatea egotzita, «talde terroristako kide» zirela argudiatu, eta sei urteko kartzela zigorra jarri zien hamabost gazte donostiarrei Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta haiei elkartasuna adierazteko egin nahi zuten manifestazioa atzo arratsaldean. Auzitegi Nazionalak eguerdian jakinarazi zuen protestaren debekua. Gainera, Urko Pikazari -Auzitegi Nazionalak zigortutako gazteetako bat eta manifestazioaren antolatzaileetako bat- astelehenean Espainiako Auzitegi Nazionalera joateko agindua ere eman zion, eta agertzen ez bada atxilotu egingo dutela ohartarazi.

17:00etan zen hastekoa manifestazioa, Bulebarretik. Ordu horretan 200 lagun baino gehiago zeuden bilduta, eta ertzain kopurua ere handia zen -Bulebarra alderik alde itxi zuten, eta helikoptero bat ere ibili zen zeruan-. Ertzaintzak antolatzaileetako bati egoera azaldu zion, eta haiek manifestazioa bertan behera uztea erabaki zuten. Pikazak komunikabideei azaldu zien datozen egunetan erabakiko dutela manifestazioaren debekuari «zein erantzun eman». Gainera, salatu zuen debekuaren jakinarazpen ofiziala jaso beharrean haren berri «komunikabideen bitartez» ezagutu dutela.

Dignidad y Justicia elkarteak eskatu zuen ostiralean Donostiako manifestazioa eta Amurrion atzo egin zuten Ikasle Eguna debekatzeko. Amurriokoa ez zuten debekatu, baina Donostiakoa bai. Manifestazioan «terrorismoa goratu» zitekeela argudiatu zuen epaileak debekua emateko, eta gaineratu zuen antolatzaileetako batek sei urteko espetxe zigorra daukala, «terrorismoa goratzea» egotzita. Gazte horiek ez daude preso, epaia ez delako irmoa.

Eragile ugariren babesa

Manifestazioa abiatzeko orduan, Bulebarrean zeuden, besteak beste, Josetxo Ibazeta Batasuneko zinegotzi ohia eta Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordea. Izan ere, haiek ez ezik beste hainbat alderdi eta eragilek ere babesa eman zieten gazte horiei epaiketaren harira.

Aralarrek eta Iratzarrik salatu dute atzoko manifestazioaren debekua. Adierazpen askatasunari eta biltzeko eskubideari «beste eraso bat» egiten zaiola uste dute. Gainera, eskubide murrizketa «ez dela bidea» nabarmendu dute.

Donostiako ezker abertzaleak ere salatu egin du debekua. «Eraso berri hau jasan duten gazte independentista donostiarrei eta beren senideei» elkartasuna adierazi ondoren, «prestasun eta laguntza osoa» eskaini die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.