Altsasuko auzia

"Epaiketaren garapenarekin kontent gaude, baina epaiaren beldur gara"

Altsasuko Gurasoek azpimarratu dute akusazioari zegokiola "arrazoizko zalantzez harago" auziperatuen erruduntasuna frogatzea, eta halakorik ez dela gertatu epaiketan. Era berean, terrorismo delituaren kalifikazioa ere "desmuntatu" dela nabarmendu dute.

Altsasuko Gurasoen agerraldia, gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2018ko maiatzaren 9a
08:48
Entzun

Urte eta erdi ondoren, Altsasuko Gurasoek "amesgaiztoa" bizitzen ari direla berretsi dute. Euren zortzi seme-alabek zein eurek "galera fisiko eta psikologiko garrantzitsuak" izan dituzte, eta horregatik euren aldarrikapena azpimarratu dute: "Justizia egiteko ordua dela uste dugu, eta espero dugu ebazpena gure zortzi familiek bizitza normala berreskuratzeko lagungarria izatea".

Gaur goizean agerraldia egin dute zortzi auzipetuen senideek eta epaiketaren balorazioa egin dute euren izenean Bel Pozuetak eta Edurne Goikoetxeak (Adur Ramirez de Aldaren zein Ainara Urkijoren amak, hurrenez hurren). Epaiketan akusazioak auzipetuen erruduntasuna irmo frogatzerik izan ez duela uste badute ere, epaiaz ez dira fio. "Gure abokatu batek esan zuen bezala, epaimahaiak presioak izango ditu, neurriz kanpoko eskaerekin zigor handiak nahi dituztelako", aipatu du Pozuetak.

Epaiketaren balorazioa

Epaiketari begira, gogora ekarri dute Guardia Zibilaren rol erabakigarria auzi honetan, "epaile eta parte izan delako". Dena den, Pozuetaren arabera, akusazioari zegokion auzipetuen erruduntasuna frogatzea eta halakorik ez da gertatu. Akusazioaren kontraesanen artean, nabarmendu dute salaketa jarri baino "zortzi urte lehenago" aurkeztu zela zortzi gazteak Ospa mugimenduko kide gisa identifikatzen ei zituen txostena.

Atzo Amnesty Internationalek zabaldutako iritziarekin bat datoz, "terrorismo delituaren kalifikazioa desmuntatuta geratu delako". Era berean, Pozuetaren arabera, "terrorismo delituarekin bat egiteko gertaerak handitzeko asmoa zegoela garbi geratu da". Gurasoen arabera, 2016ko urriaren 15eko liskarrak ez du zerikusirik akusazioak zabaldutako bertsioarekin: "Testigantzek, froga objektiboek, gertaera bukatu eta ondorengo bideoak, nola medikuen parteek eta adituen txostenek, jai giroko bat-bateko liskar baten aurrean gaudela adierazten dute", aipatu du Pozuetak. Epaiketan, salatzaileen deklarazioetan "irregulartasun eta kontraesan" ugari agertu direla aipatu dute.

Elkarretaratzea, hilaren 25ean

Orain epaiaren zain daude eta ez dago aurrez jakiterik noiz etor daitekeen. Abokatu batek "pazientzia" eskatu die auzipetuei zein gurasoei edonoiz etor daitekeelako. Hala, gurasoak ez dira besoak gurutzaturik geratuko eta hurrengo egunetan bilerak egingo dituzte alderdi politikoekin eta gizarte eragileekin. Era berean, maiatzaren 25ean, 12:00etan elkarretaratzea egingo dute Iruñean, Parlamentu aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.