Poliziaren indakeriaren biktimak. Erreparazioa. Soslaia. Manuela Carmena

Epaile ohi bat justizia egiteko lanetan

jokin sagarzazu
2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Ibilbide luzeko eta ospe handiko Espainiako Magistraturako kide ohi baten eskuetan utzi du Eusko Jaurlaritzak Poliziaren errepresioaren biktimen aitorpena eta erreparazioa egiteko dekretua lantzeko ardura. Gai irristakorra izanik, pentsaera ezberdinekoen onespena izango zuen pertsona bat aukeratu nahi zuen Eusko Jaurlaritzak, eta horregatik jo zuen Manuela Carmenarengana (Madril, 1944).

Erretiroa hartua badu ere, iazko irailean baiezkoa eman zion Eusko Jaurlaritzaren eskaerari, nahiz eta zalantza ugari izan. Kargua hartu ostean eginiko lehenengo agerraldi publikoan, Carmenak aitortu egin zuen «beldur pixka bat» ematen ziola ardura berriak, besteak beste gatazkaren konponbiderako eta bizikidetzarako «giltzarrietako» bat zuelako esku artean.

Kargua hartu zuenetik, bilera ugari egin ditu hainbat eragile eta biktimarekin, eta agerraldi publiko gutxi. Horietako batean, torturari buruz Madrilen eginiko mahai inguru batean, epaile ohiak aitortu egin zuen Eusko Jaurlaritzak agindutako lana hasi arte sekula ez zituela ikusi Unai Romanoren argazkiak —Romanoren tortura salaketak hautsak harrotu zituen 2001ean, komunikabideetan haren aurpegia erabat ubeldua erakusten zuten argazki batzuk argitaratu zirenean; auzitegiek, baina, salaketa artxibatu egin zuten—.

30 urteko ibilbide profesionalean, euskal gatazkarekin zerikusia duten hainbat kargu bete ditu Carmenak. Besteak beste, Madrilgo Espetxezaintza Auzitegiko epaile izandakoa da, eta 90eko hamarkadan CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko EAEko ordezkari izendatu zuten.

Carmenari buruzko aipamen guztietan nabarmentzen da joera progresistako epailea dela. JpD Demokraziarako Epaileak elkartearen sortzaileetako bat izan zen.

PCE Espainiako Alderdi Komunistako kide izan zen frankismo garaian, eta langileentzako abokatu lanak egiteagatik egin zen ezagun. Madrilgo Atocha kaleko abokatu bulegoan aritu zen —1977an eskuin muturreko talde batek atentatua egin zuen han, eta bost pertsona hil zituzten—.

Francisco Franco diktadorea hil ondorengo urteetan egin zituen lehen urratsak magistraturan. Bilbon hasi zuen bidea, 1983. urtean, Instrukzio Epaitegiko bigarren aretoan. Handik Madrilerako bidea hartu zuen. 1986tik 1989ra, Instrukzio Epaitegiko hemeretzigarren aretoan aritu zen, eta 1989an Madrilgo Espetxezaintza Auzitegira pasatu zen. 1993an Madrilgo epaileek dekano izendatu zuten, eta urte berean, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusirako izendatu zuen Espainiako Senatuak, PSOEk proposatuta.

Carmenaren lanak beste alderdien eta karrerako kideen aitortza jaso du. Eusko Jaurlaritzaren Manuel Irujo saria jaso zuen 2008. urtean, Juan Jose Ibarretxe jeltzalearen agintaldian. Halaber, atxiloketa arbitrarioei buruz NBE Nazio Batuen Erakundeak osatutako lantalde batean parte hartu zuen, PPko Jose Maria Aznarren gobernuaren ordezkari gisa. 2001ean Elkarrik antolatutako bake konferentzia babestu zuen.•
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.