Bikotekide emakumezkoa legez kanpo atxikitzea eta genero-biolentzia delituak egotzi dizkio Ertzaintzak 43 urteko gizon bati. Atzo atxilotu zuten, Lapuebla de Labarcan (Araba), eta gaur eraman dute epailearengana. Hark aske utzi du, berri agentziek zabaldu dutenez —ez dute informazio gehiago eman—.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak goizean jakinarazi duenez, andreak lagun bati deitu zion laguntza eskatzeko, eta hark eman zuen abisua Laguardiako polizia etxean. Andreak salatu du etxean itxita edukitzen zuela gizonak, aizkora batekin mehatxatzen zuela, eta jo ere egin zuela.
Abisua jaso ondoren, biktimaren eta erasotzailearen etxera joan ziren ertzainak, eta auto batean aurkitu zituzten biak. Emakumearekin hitz egin ondoren, atxilotu egin zuten gizona. Etxea miatzean, aizkora bat aurkitu zuten sukaldean ezkutatuta.
Atzo Ertzaintzak jakinarazi zuenez, ostegunean beste gizon bat ere atxilotu zuten Bilbon, bikotekide ohia sei egunez bahitu izana egotzita. Galarazia zuen andrearen ondoan egotea.