Bikotekide ohia sei egunez bahitu izana egotzi diote gizonezko bati

Kartzelan sartzeko agindu du epaileak. Irain eta eraso artean andrea atxikitzea leporatu diote; sexu erlazioak izatera ere behartu zuen

arantxa iraola
2019ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Larunbatean jazarri zitzaion, eta ostegunera arte mendean eduki zuen, Bilbon; atxikia izan zuen, irain eta eraso artean, eta sexu harremanak izatera ere derrigortu zuen. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jasotako salaketaren arabera, horiek guztiak egin dizkio 37 urteko gizon batek bikotekide ohi zuen emakumeari.

Ostegun arratsaldean amaitu zen bahiketa; ondoezik sentitzen zela argudiatuta, emakumeak lortu zuen gizonak bera erietxe batera eramatea, eta han susmoak hartu zituzten egoeraren inguruan. Larrialdi zerbitzuetako profesionalek ikusi zuten emakumeak hainbat lesio zituela, eta ertzainei eskatu zieten harekin zihoan gizona identifikatzeko.Datu faltsuak eman zituen hasieran gizonak, eta kontra egin zien ertzainei haiek argibideak eskatu zizkiotenan; Segurtasun Sailaren arabera, polizia bati eraso ere egin zion gizonezkoak. Ihes egitenahalegindu zen ondoren. Ez zuen lortu, ordea, eta, behin gizona identifikatuta, ertzainek ikusi zuten urruntze agindu bat zuela: galarazia zuen andrearen ondoan egotea. Emakumearengana hurbiltzea eragozten zion urruntze aginduaz gain, epaileek emandako beste bi ebazpen ere atzeman zituzten poliziek gizonezkoa identifikatutakoan; hain zuzen ere, hura atxilotzeko bi agindu: bat Bilbon ebatzitakoa, eta bestea, berriz, Eivissan (Herrialde Katalanak). Atzo epailearen aurrera eraman zuten, eta hark kartzelan sartzeko agindu zuen.

Bi kasu Gasteizen

Gasteizko udaltzainek, berriz, 20 urteko gizon gazte bat atxilotu zuten ostegunean; ez zuen bete bikotekide ohiarengana hurbiltzea debekatzen zion urruntze agindua, eta hari eraso egitea egotzi zioten. Telefono dei baten bidez jakin zuten poliziek erasoaren berri: jakin zuten gizon bat andre baten kontra ari zela, joka eta irainka. Udaltzainak hara heldu zirenean, erasoa jasan zuen andreak esan zien astinaldi bat eman ziola gizonak, eta irainak esan zizkiola. Atxilotu egin zuten. Beste gizon bat ere atxilotu zuten ostegunean, bikotekide ohiarengana hurbiltzeko debekua haustea egotzita; hainbat lekukok adierazi zuten gizonezkoa andreari jazarri zitzaiola. 32 urte ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.