Alfonso Gonzalez-Guija. Bilboko epaile dekanoa

«Epaileak aukera izan beharko luke legez hipoteka prozesua geldiarazteko»

Etxe kaleratzeen prozesuak gelditu ahal izateko, epaileek tresna gehiago izan beharko lituzkete, Gonzalez-Guijaren ustez. Europako legediarekin bat egiteko aldaketa batzuk behar direla iradoki du.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2013ko azaroaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Epaileen Elkarte Profesionaleko kidea da Alfonso Gonzalez-Guija (Caceres, Espainia, 1959). Extremaduran jaio zen, baina 3 urte zituenetik bizi da Bilbon.

Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformako abokatu batek egunotan esan du epaileak ausartagoak izaten ari direla politikariak baino etxe kaleratzeen gaian. Ados al zaude?

Bai, oro har horrela da. Epaile askok adierazi dute ez dela posible maileguen ondorioak alde ahulenean daudenek jasatea. Korronte bat sortu zuten epaileek, eta orain arte politikariek eta lege egileek ez diete erantzunik eman. Horrenbestez, epaileok badugu gure protagonismo partea.

Banku batek martxan jarritako etxe kaleratzeen prozesu batean zer aukera du epaile batek familiaren pobrezia aintzat hartzeko?

Duela gutxira arte, epailea guztiz lotuta zegoen etxe kaleratzeen prozesuetan. Ezin zuen gauza askorik egin, nahiz eta epaile batzuek esan abusuzko egoerak zeudela kaleratze prozesuetan. Legea aldatzeko eskatu zuten epaile askok, eta aurten aldatu da, baina ez behar adina. Une honetan, zorretan dagoen pertsonak gehiago defenda dezake bere burua auzi batean, eta bere eskubide batzuk urratzen ari direla argudia dezake. Hipotekaren abusuzko klausulak aipa ditzake. Adibidez, ez zuela lurzoru klausularen berri. Hortik aurrera, ikusten ari gara legedian zenbait arazok berdin jarraitzen dutela. Gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden pertsona batzuen auziak izan dira salbuespena. Baina, oro har, konponbide gutxi daude etxe kaleratzeak galarazteko. Lege aldetik asko dago oraindik egiteko. Hipotekak betetzeko prozedurak gelditzeko aukera eman beharko luke legeak, abusuzko klasulak daudenean.

Zer tresna dituzte egun epaileek?

Egun, epaileak prozedurak geldi ditzake ikusten badu pertsona edo familia gizartetik baztertuta geldi daitekeela. Egoera horren berri eman diezaieke administrazio publikoei: udalei, foru aldundiei eta Eusko Jaurlaritzari. Pertsona edo familia horren oinarrizko premiak asetzeko laguntza ematen laguntzeko eska dezake epaileak. Hortik aurrera, administrazio publikoen arteko koordinazioa behar da.

Zer moduz ari dira erantzuten erakunde publikoak muturreko bazterketa egoeran dauden pertsonekin?

Erakunde guztiak ondo ari dira erantzuten. Kontua da ea eskaera guztiei erantzuteko modua dagoen. Erakunde publikoen baliabideak ez dira mugagabeak. Baina,guk dakigunez, etxetik kaleratzeko arriskuan dauden familientzat etxe babestuak errazteko aukerak ematen ari dira. Edo bestelako konponbideak aztertzen ari dira. Herritarren eskubideen gutunarekin Eusko Jaurlaritzak konpromiso sendoa du. Hala eta guztiz ere, aitortu behar da beharra duten pertsona guztiengana ez direla iritsiko.

Europako legediari dagokionez, Europako Justizia Auzitegiak martxoan esan zuen Espainiako hipoteka legeak ez zuela Europako araudia betetzen. PPren gobernuaren maiatzeko lege aldaketak erantzuten al dio araudi horri?

Oro har bai, baina motz gelditu da. Etxea ordainetan emateko aukera baldintza zehatz batzuetan arautu zuen gobernuak, baina askoz eskuzabalagoa izan zitekeen. Beste lege aldaketa batzuk beharko lirateke, Europako legediarekin bat egiteko. Oraindik tresnak behar dituzte epaileek, etxe kaleratzeen prozesuak gelditzeko. Horregatik, epaileok irudimena erabiltzen ari gara askotan, sortzen diren egoera bidegabeei erantzuteko. Legearekin guztiz bat egin ez arren, zenbait epai inprobisatzen ari dira epaileak.

Zer aldaketa proposatuko zenituzke legean egoerei irtenbide justuagoak emateko?

Epaile batek aukera izatea hipoteka betearazteko prozesua gelditzeko, kontratuan abusuzko klausulak salatzen direnean. Aldaketa hori egiteko dago. Prozesu batzuetan kontratuaren kontu tekniko batzuk salatzen dira, baina merkataritza epaitegietan. Eta merkataritza epaitegi batek ezin du prozesua gelditzeko agindu.

Bai etxe kaleratzeen gaian bai gizarte bazterketari lotutakoetan, legeak ez al doaz herritarren beharren atzetik?

Bai, sentipena hori da. Zaila iruditzen zait politikariek egiten duten guztia zuzentzea, haiek informazio asko baitute. Baina ematen du legeak egiten edo aldatzen direla, dagoeneko egoera larriak gertatu eta gero. Ohikoa da legeak gizartearen errealitatearen atzetik joatea. Beste batzuetan inprobisatu egiten dute, gobernuari edo alderdi politiko bati errealitatea gainera etortzen zaionean.

Nafarroako Parlamentuak ekaineanlege proposamen bat onartu zuen. Aukera ematen du kaleratze prozesuan dauden etxeak bankuei bahitzeko eta familiak etxean hiru urtez mantentzeko, alokairu baten truke.

Horrelako proposamenak mesedegarriak dira. Gai honetan egiten den edozein pauso positiboa da, oxigenoa ematen baitie egoera lazgarrian dauden pertsonei. Kontuan izan behar da etxe kaleratzeen egoerak ez direla etorri kontsumitzaileak hala bilatuta. Gizarteko sektore batzuek diote bankuen kontratuak bete behar direla, baina hori oso sinplista izatea da. Krisialdi ekonomiko honen errudunak ez dira etxeen erosleak. Iraganean lanaren egonkortasuna handiagoa zen, eta egoera horretan sinatzen ziren kontratuak bankuekin. Ondotik, kanpotik etorritako aldaketa etorri zaio zordunari. Hori aintzat hartu beharrekoa da. Zorpetze egoera horretan, bankuek ardura handia izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.