Inkomunikazio aldian Guardia Zibilak abokaturik gabe legez kanpo galdekatu dituela salatu dute Ruben Gelbentzuk eta Jon Lizarribarrek. BERRIAk jakin duenez, "mehatxuak eta kolperen bat" jaso dutela salatu diete auzi medikuari eta epaileari. Sotoko espetxera bidali dituzte, eta eurekin hitz egin ondoren emango ditu zehaztasun gehiago abokatuak.
Inkomunikazioa kendu dietenean egon ahal izan dira konfiantzazko abokatuarekin. Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko instrukzio epailearen aurrean deklaratu dute goizean. Biek salatu dute Guardia Zibilak ez ziela ezer jakinarazi Barne Ministerioak leporatutakoei buruz, eta epailearen aurrean ukatu dituzte akusazioak.
2002an ETAren lau atentatuetan parte hartzea leporatzen diete. Fiskaltzak espetxeratzea eskatu du, hala ere, eta epaileak horrela agindu du. Soto del Realeko kartzelara bidali dituzte biak. Astearte goizaldean atxilotu zituen Guardia Zibilak Gelbentzu eta Lizarribar, eta ETArekin lotu zituen Espainiako Barne Ministerioak. Zehazki, 2002ko lau atentaturekin zerikusia dutela esan zuen. Epaileak berretsi egin ditu akusazio horiek kaleratu duen autoan.