Joan den maiatzean, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, Estatu abokatuaren bitartez, Donostiako Udalaren kontrako administrazioarekiko auzietako helegite bat aurkeztu zuen Donostiako Epaitegian, udalak Harrera elkarteari diru laguntza bat eman ziolako —1.692 eurokoa—. Carlos Coello Martin epaileak, gaur jakinarazi duenez, atzera bota du Urkijoren eskaera.
Gobernuaren ordezkariaren helegiteak zekarrenez, hari laguntza ematea ez da Donostiako Udalaren eskumena, eta ez da hiriaren eremukoa ere. Horrez gain, zioen "preso ohien kolektibo bat" diruz laguntzeak "terrorismoaren biktimen aitorpena, babes osoa eta duintasuna" urratzen dituela helegiteak.
Urriaren 14an izan zen epaiketako saioa, eta Donostiako Udalaren abokatuak ukatu egin zuen "terrorismoaren" biktimen aurka egiten dela Harrera lagunduta. Gainera, abokatuak zioen udalak diru laguntzak banatzeko plan estrategiko bat duela, haren baitan diru irabazi asmorik gabeko elkarteak laguntzeko deialdi bat egin zutela, eta horrela jaso zuela Harrerak laguntza, "kartzelan edo deserrian egon den pertsona ororen gizarteratze integralerako".
Coello Martin magistratuak aintzat hartu ditu udalaren arrazoiak. Ebatzi du Harrera laguntzea ez dela biktimen aurkako neurria, pertsona batzuk laguntzea duela xede, eta, gainera, giza eskubideen alde aritu daitekeela udal bat ere, "irizpide edo balio konstituzional bat baita". Elkarte juridiko gisa erregistratuta dago Harrera. Duela bi urte sortu zuten.
Estatuaren abokatuak Donostiako Epaitegian hamabost eguneko epean apelazio helegitea aurkezteko aukera dauka.