Bakartuta jarraitzen du Arantza Zuluetak Puerto III espetxean (Cadiz, Espainia). Areago, Alfonso Zenon abokatuak salatu duenez, okerrera egin du haren egoerak azken egunetan. Orain hiru aste aitortu zuen Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaitegiak patio denboran beste preso batzuekin egoteko eskubidea urratu zaiola presoari, baina abokatuek salatu dute erabaki horren ondorioz Zuluetaren egoerak okerrera egin duela onera egin beharrean. Epaiaren ondoren ere, presoak berdin-berdin jarraitzen du egunean ziega barruan 20 ordu pasatzen, bakarrik, baina, Zenonek azpimarratu duenez, orain beste bi presorekin erabili behar du patioko espazioa –13x5 metro, eta goialdea sarez itxita–. “Epaiarekin ez da ezer aldatu: bakartze moduluan eta egoera berean jarraitzen du”. Helegitea aurkeztu dute autuaren aurka. Auzitegi Nazionalari Zulueta aska dezala ere eskatu diote.
Espetxe Zaintzako epailearen autoa datu faltsuetan oinarritzen dela salatu du Zenonek. “Ukatu egiten du bakartze modulu batean dagoela ere”. Berez, kartzelara bisita egitera joateko eskatu zion epaileari Zuluetaren defentsak, edo haren ordezkari bat bidaltzeko bestela, baina ez du halakorik egin, eta espetxearen arduradunek bidalitako txostenari bakarrik egin dio kasu. Eta txosten hori “gezurrez beteta” dagoela salatu du abokatuak.
Esku hartzeko eskaria
“Gero eta argiago dago erabaki politiko bat dela hau”, salatu dute Arantza Askatu plataformako kideek. “Mendeku hutsa da”. Babesak biltzen jarraituko dutela ere azaldu dute, eta esku hartzeko eskatuko diete EAEko Arartekoari eta Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeari.
Egoeraren larritasuna azpimarratu du Zenonek. “Arantza indartsua da, baina dagoen egoeran edozein momentutan egin dezake buruak krak, eta hasi dira ja gauza batzuk agertzen”. Begi batean arazoak dituela aipatu du, esaterako.
Bakartzeari eusteko presioak
Informazio bilera asko egin dituzte abokatuekin Zuluetaren aldeko plataformako kideek, eta, Zenonek dioenez, lege arloan aritzen den jendeak ez du ulertzen Zuluetarekin gertatzen ari dena. “Egoera hau bere horretan mantentzeko presioak daude, bestela ez baita ulertzen zelan mantendu daitekeen bakartze egoera hiru urtez epaiketaren zain”.
2014ko urtarrilean atxilotu zuten Zulueta. ETAko kide izatea egozten diote abokatuari. Zenonek gogorarazi duenez, beste 46 pertsona ere badaude auzipetuta Zuluetarekin batera, baina hura bakarrik dago badaezpadako espetxealdian. “Ez dago horretarako inolako justifikazio juridikorik”.